Iritzia: Tripetan eramatekoak

Iritzia: Tripetan eramatekoak

Olatz Azpirotz Larzabal

Gure arteko harremanak kontu fisiko bihurtzeko, eta distortsioari eskumenik ez emateko, hamaika hitz ditugu; ordea, hitz horien guztien artean kasualitatea da gehien atsegin duguna. Kontrolatu ezin izan dugun gertaera izan dela sinesteko, eta garapena inguratzen duen pasioaren ardura ez hartzeko balio digulako, akaso.

Era horretan, elkar topatzea oinez egitea baino naturalagoa dela baieztatzen ohi diogu gure gogoari.

Halere, faltsabilitatearen eta aitzakien eboluzio etengabeak oraindik ez digu eman amaiera iristen denerako kontsonantez, minez, adorez eta bokalez osatutako terminorik. Ez daukagu geure burua lasaitzeko eta barkatzeko amaiera hitzik.

Minberak ez garelako sineskeran, egiaz osatutako termino lauso zenbait ditugu, ordea. Lau silabaz osatutakoa gailentzen da. Zenbaki bikoitia eta hortaz, guretzat perfektua omen dena. Biribila.

Hori gutxi balitz, atzerako pausoa emateko egoeran zatitu eta perfektua izaten jarraitzen duen hitza da.

Lau silaba horien presentziarekin jaiotzen gara eta jaiotzatik silaba horiek beraiekin dakarten penitentzia atzeratzeko ahalegina egiten dugu. Lasaitasunik gabe. Atseden hartu gabe. Etengabe. Inkontzienteki. Oreka lorpen bilakatuz.

Orainaren eta etenaren arteko talkan mugitzen saiatzen gara. Tripak bezala; iraganarekin lotzen gaituzten soka, urduritasunaren sorburu, beldurren egoitza eta gogoaren lehergai.

Guztia sabelean hasi, eta sabelean amaitzen da. Tripetako metroetan harremanak metatzen dira, logikatik kanpo. Anabasa hori antolatzeko saiakeran, adinarekin tripak hazten zaizkigu, tripak hustea ezinezko bihurtuz; hutsik dagoena beti betetzen baita.

Horregatik pisatzen dute hainbeste tripek, batik bat, norbait faltan bota ordez, falta hori hartu eta gurea egiten dugulako. Gogoratu ordez, imajinatu egiten dugulako. Amestu ordez, desiratzen dugulako.

Bizitzak jan zuenaz damutzen gara bizitzak eta tripek gu jaten gaituzten bitartean. Mezuz betetako hesteak daramatzagu eta egunen batean horiek, esaera bezala, tximeleta noiz bihurtuko diren zain gaude. Ordea, zain egoteak mugimendurik eza dakar ondorio gisa, eta guri berdin zaigu.

Ahaleginak ahalegin, mezuak deskodetzen ez dut ikasi; hala eta guztiz ere, hitzen arteko espazioa bezala erditu egiten naiz, pasioz, naturaltasunez, minez eta adorez.

Ahaleginak ahalegin, mezuak deskodetzen ez dut ikasi; haatik, bihotz taupadak bizkortzen zaizkit tripetan sumatzen zaitudanean.

Orain, inkontzientziaz oinarritutako etengabeko talkan oinarritzen da gure egunerokoa.

Orain, zure pisua urduritasunaren sorburu eta gogoaren lehergaia da. Guztia, zu bezala, sabelean hasi eta sabelean amaitzen da.

Irudia: Mikel Barberia.