Besteen begian lastoa, bai; baina norberarenean fardoa ez. UPNk duela bi aste erantzukizun politikoak eskatu zizkion Nafarroako Gobernuko Kultur departamenduari Sendavivan kontratuak zatitu eta ohiko lizitazio bat saihestu nahi izatea aurpegiratuta. Orain, baina, antzeko salaketa egin diote Alejandro Toquero Tuterako alkateari, eta, kasu horretan, zuhurtzia agertu eta babesa adierazi dio alderdiak bere presidenteordeari.
Bi kasu desberdin dira, baina salaketaren funtsa antzekoa da. Zurekin Tutera udal taldeak leporatu dio Toqueroren udal gobernuari hiru kontratu eman dizkiola Gesabogados abokatu bulegoari. Orotara, 29.040 euro ordaindu zituen udalak, baina hiru kontratu eginda lizitazio publiko bat egitea saihestu zuela leporatu zion. Sendavivaverekin gertatu bezala, Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren aurkako Bulegoak «egiazkotasun zantzu arrazoizkoak» daudela uste du.
Nilsa Nafarroako Gobernuaren menpeko sozietate publikoak Tuterako araztegian biogas planta bat ezarri nahi zuen bertako lohiak tratatzeko. Egitasmo horren aurka zegoen udala —azkenean egitasmoa gerarazi eta araztegia bere gain hartu du—. Egoera juridikoki aztertzeko abokatu bulego hori kontratatu zuen, eta OANAk susmatzen du kontratuak zatikatu zituela, kontratu publikoen 81. artikulua urratuz. Zurekin Tutera taldeak, gainera, salatzen du «ohiko sistema» dela hori Toqueroren udalean.
Gaur, Parlamentuako Mahai eta Eledunen Batzordearen osteko bileran, Daniel Lopez Zurekin Nafarroako eledunak adierazi du Tuterako udal taldeak denbora asko daramala ikertzen isilean. «Ez da kasu hau bakarrik, azken bi legealdietako beste lizitazio batzuk ere daude tartean». Bere esanetan, denbora beharko du OANAk. «Ezerezean gera daiteke, baina zerbait balego azalpenak eman beharko ditu Toquerok eta erantzukizunak hartu».
Emaitzaren zain
Gaur, horri buruz galdetu diote Javier Esparza UPNko eledunari. Hark Toqueroren gestioarengan «konfiantza» dutela adierazi du. «Dena ikertu dadila», eskatu du.
Une txarrean dator Toquerorentzat. Egungo UPNren zuzendaritza Toqueroren eta Cristina Ibarrolaren aldekoen artean banatuta dago. Asteburuan jakin denez, Toquerok eta Erriberako kritikoek hauteskunde zerrendatan pisu gehiago izatea eskatu dute. Parlamentuko zerrendan lehen postuak nahi dituzte, bai eta Espainiako Senaturako zerrendaburua izendatzea ere. Zerrenden osaera hauteskunde batzordeak lantzen du eta hura Ibarrolak kontrolatzen du. Ikusi beharko da salaketa horrek eraginik ote duen UPN barruko pultsu politiko horretan.
