Nafarroako Volkswagenek lehen auto elektrikoa aterako du gaur produkzio lerrotik

Nafarroako Volkswagenek lehen auto elektrikoa aterako du gaur produkzio lerrotik

Etorri da etorkizuna Landabenera. Amaitu dira bi urteko egokitze lanak, eta prest da auto elektrikoak egiteko MEB+ plataforma. Aurreko asteetan ere jada lanean ari baziren ere, gaur aterako da ofizialki Skoda Epiq modelo elektrikoaren lehen ibilgailua ekoizpen lerrotik.

Nafarroako Volkswagenek espero du irailean ekoitziko duela beste modelo elektrikoa: VW-ID Cross.  Fabrikaren helburua da urtea amaitu arte 61.743 auto elektriko egitea, produkzio osoaren %23. Abendura arteko datu gordinei begira, Skoda Epiq modeloaren ibilgailu gehiago egingo dira (37.245 kotxe). Izan ere, ID-Cross ibilgailuak hiru hilabete geroago hasiko dira ekoizten, baina azaroaren erdialdetik aurrera astean modelo horretako ibilgailu gehiago egingo dira.

Ekoizpen hori guztia konbustioko motordun ibilgailuekin uztartu beharko dute hemendik aurrera. Azken bi urteetan fabrikaren egokitze lanen eta produkzioaren murrizketaren ondorioz, aldi baterako espedienteak ezarri dira, egutegiak moldatu behar izan dituzte eta hiru txanden sistema egokitu. Behin udako oporraldia amaituta, normaltasuna itzuliko da Iruñerriko fabrikara eta multinazionalaren asmoa da datorren urtean azeleragailua zapaltzea.

Volkswagen Nafarroaren sarrera, Iruñeko Landaben poligonoan. VILLAR LOPEZ / EFE

Izan ere, aurten orotara 262.000 ibilgailu ekoitziko dira. Aurrera begira, berriz, merkatuak erabakiko du nolakoa izango den errekuntza motorreko eta bateria elektrikoko ibilgailuen ekoizpen maila. Bien produkzioa bateragarri izateak nolabaiteko bermea bada trantsizio epe horretarako.

Kontratazioa eta produkzioa

Udazkenean hasiko dira negoziatzen 2027ko produkzio kopuruak, baina langile batzordeari helarazitako lehen proposamenaren aurka azaldu dira LAB, ELA eta CGT sindikatuak. Izan ere, datorren urtean produkzioa 360.000 autora heltzeko aukeraz hitz egin du zuzendaritzak, eta horretarako asteburuan txanda bat sortzea proposatu du. Egungo 5.000 langileen artean kontsultatu egin dute nor legokeen horretarako prest. 

««Elektrifikazioak lan baldintzen okertzea ekarri du. Produkzio igoerari lan txanda gehiagorekin erantzun nahi dio Volkswagenek»

RAUL PORTILLO LABeko ordezkaria. Volskwagenen

LABeko Raul Portillo oso kritiko mintzatu da proposamen horrekin: «Elektrifikazioak lan baldintzen okertzea ekarri du. Produkzio igoerari lan txanda gehiagorekin erantzun nahi dio Volkswagenek. Behin-behineko langileen erabilera gehiegizkoa egin nahi du». Portilloren arabera, uneotan nahikoa malgutasun neurri daude ezarrita produkzio igoerari aurre egiteko bestelako lan txandarik igo behar izan gabe. LABeko ordezkariak gogoan du gaueko txanda horrela ezarri zela: «Hasieran borondatezkoa zen eta gero derrigorrezkoa». 

Udazkenean argituko dira kontu horiek, baina langile batzordean gutxiengoa duten sindikatuek susmatzen dute UGT eta CCOO euren bizkar ari direla negoziatzen: produkzio zein egutegiaz gain, hurrengo lan itunaren edukiaz hitz egiten ari direla uste du Portillok, aurten amaituko baita. 

Asteburuko txandaren aukera eta behin-behinekoen kontratazioa elkar loturik daude. Iragan urte amaieran, ELAk eta LABek jarritako salaketa baten ondotik, lan ikuskaritzak ondorioztatu zuen 151 kontratu behar bezala justifikatu gabe zeudela eta 93 langileri kontratu mugagabea egitera behartu zuen. Hasiera batean lan erregulazioko espediente bat aurkeztearekin mehatxu egin bazuen ere, VWek zigorra bete behar izan du.

Alta, horren ondotik, produkzio arrazoiengatik egindako behin-behineko kontratuen iraupena sei hilabetetik urtebetera igo du. Horretarako, Nafarroako metalgintzako lan hitzarmena aldatu dute lehenik, eta horrek ahalbidetu egingo dio VWi enpresan kontratazio horiek egitera. Hala VWeko nola Nafarroako metalgintzako lan hitzarmenak aurten iraungiko dira. ELAk eta LABek salatu dute metaleko sektoreko lan hitzarmenaren aldaketa «Volkswagenen beharretara» egokitu dela. 

Portillok ondorioztatu du malgutasun neurri horrek «urtebeteko marjina» emango diola enpresari nahieran jokatzeko. Alfredo Morales langileen batzordeko presidenteak (UGT) ziurtatu du horri esker VWek etorkizuneko produkzioa handitzea bermatuko duela. Tentuz mintzatu da, baina, Portillo. «Ikusiko dugu. Oraindik ez dakigu zenbatekoa izango den 2027koa».

Udazkenean etorriko da eztabaida hori, baina UGTri eta CCOOri zuzendaritzaren esanetara jokatzea leporatu die. Beldur da aldaketa guztien ondotik hauteskunde sindikalak deituko dituztela.