«Europa ari da Minneapolisera hurbiltzen; Frontex agentziak ICEren antza gero eta handiagoa du». Europako Batasunaren migrazio politikak gogortzen ari direla uste dute Euskal Herriko eta atzerriko zenbait gizarte eragilek, eta horren erakusgarri jo dute ostiral honetan indarrean sartuko den Migraziorako eta Asilorako Europako ituna. Sinetsita daude migrazio politiken «joera autoritarioak, arrazistak eta bortitzak» indartuko dituela, eta Europa bera are gehiago gotortu. Horri aurre egite aldera, elkarlanaren bideari ekin diote: Mugen Aurkako Europako Agentzia sortu dute, eta protesta ekintzak iragarri dituzte datozen egunetarako.
Europako zenbait gizarte eragileren artean sortu dute egitasmoa. Horien artean dira No Name Kitchen, L’Aurora Grup de Suport, Solidary Wheels, Rescue Life eta Euskal Herriko bi ordezkari: Iruñeko Negu Gorriak elkartea eta Arratiako Artea Sarea (Bizkaia). Iruñeko Katakrak liburu dendan egin dute egitasmoaren aurkezpena.
Mugen Aurkako Europako Agentzia «desobedientzia zibileko sare bat» dela esan du Samira Calvo Canillasek, Negu Gorriak elkarteko kideak: «Mugen abolizioaren aldeko konpromisoa duten kolektibo eta erakundeek sortu dute egitasmo hau. Lankidetzarako espazio anitza da, eta hainbat arlotan eskarmentua duten taldeak batzen ditu». Zehazki, «kontrabotere eraginkor bat» eratu nahi dute, «Europako gotorlekuari aurre eginen diona».
Lau helburu eta ekintza bat
Lau ardatzetan laburbildu dituzte agentzia berriaren egitekoa: eragileen arteko loturak indartzea, egungo ordena etetea, mugak abolitzea eta botere instituzionaletik emantzipatzea. Lehen helburuari buruz, zera esan du agentziako ordezkari den Amaya Tapia Abregok: «Agentziaren lehen helburua da erakundeak elkarren artean konektatzea, lankidetza dinamikak proposatzea eta eztabaidak sustatzea». Izan ere, ezinbestekotzat jo du komunikatzeko espazioak eta deliberazio politikoa hauspotzea, «nazioarteko mugen aurkako borroka egituratze aldera». Horiek horrela, sarera batzeko gonbitea egin diete migrazio politikak irauli eta desobedientziaren bidea urratu nahi duten kolektibo guztiei.
«Arazoa ez da mugak kanpora ateratzea, ezta Frontex agentziaren militarizazioa ere. Arazoa muga bera da, arazoa Frontex da. Jarrera abolizionista dugu, eta hori hedatu nahi dugu sareetan, gure komunikazio jardunaren bitartez», esplikatu du Calvok.
Helburu horiek betetzeko bidean, ostiral honetan eginen du lehen urratsa Mugen Aurkako Europako Agentzia sortu berriak. Protesta ekintza bat antolatu dute zenbait herri eta hiriburutan, heldu den ekainaren 12rako, Migraziorako eta Asilorako Europako ituna indarrean sartuko den egunerako, hain zuzen: «fronteren aurkako kontrolak» paratuko dituzte Europako Batasunaren bulegoetan eta, oro har, migrazio politikez arduratzen diren erakundeen egoitzetan. Horretarako, idazkiak, eskuorriak, pegatinak eta bestelako materiala eskuragai jarri dute agentziaren webgunean, jendeak protestarekin bat egin dezan.
Edonola ere, gogorarazi dute Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetan abian dela ezohiko erregularizazio prozesu bat, eta hori aintzat hartuta, gomendioa egin dute horren parte diren bulegoetan ekintzarik ez egiteko, paperak tramitatzen ari diren migratzaileen egoera are gehiago ez zailtzeko.
Dena den, ostiralekoa ez da izanen Mugen Aurkako Europako Agentziaren ekintza bakarra. Ekintza, parodia eta aurkezpen publiko gehiago iragarri dituzte datozen aste eta hilabeteetarako, eta horrez gain, ikasgela bat ere sortu asmo dute, «dokumentazioa, prestakuntza eta ikerketa lanak» garatzeko xedez.
