Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak zuzenean hautatu du. 2023an bezala, Carlos Garcia Adanero izango da PPren zerrendaburua Iruñeko Udalerako. PPko presidentearen esku dago 60.000 biztanletik gorako udaletako alkategaiak hautatzea, eta UPNko kide ohiaren alde egin du berriz.
Erabakiaren berri izanda, Adanerok konfiantza eskertu du. «Oso erronka garrantzitsua da. Ilusio handiz egingo diot aurre, lehen egunetik iruindarren alde lanean segitzeko konpromiso berarekin», adierazi du, ohar bidez.
Mezuan ez da berritasun handirik. Adaneroren ustez, Iruñeak «aldaketa bat» behar du «hiriaren arazoei aurre egiteko eta udaleko gidaritza berreskuratzeko».
2023ko zentsura mozioaz geroztik, UPNren eta PPren xede nagusia izan da udal gobernua berreskuratzea, eta, kanpainari begira, helburu nagusi hori jarri du Adanerok. «Lehen helburua da Bildu Iruñeko alkatetzatik botatzea, Pedro Sanchezen eta Bilduren arteko akordioaz geroztik galdutako duintasuna, inoiz galdu behar ez zuena, berreskura dezan hiriak».
Adanero sinetsita dago lortuko dutela. «Hori posible egiteko, esfortzuak batu behar ditugu», adierazi du, eskuineko alderdien arteko lankidetzaren alde eginez.
Lehendakarigaia, hautatu gabe
Behin Iruñeko alkategaia erabakita, ikusi beharko da zer egiten duen Espainiako PPk foru hauteskundeetarako zerrendaburuarekin. Javier Garciak iaz barne gatazka izan zuen alderdi barruan, eta haren lidergoari eustea erabaki zuen PPk. Dena den, ikusi beharko da foru hauteskundeen begira zer egiten duen. Sergio Sayas hautagai izatea ezin da baztertu.
Carlos Garcia Adanero, gaur egun, Espainiako PPko diputatu ere bada. Aurreko legealdian, 2022ko otsailean, UPNko diputatu zela, lan erreformaren bozketan ez zuen bete UPNko zuzendaritzak bozketa hori ahalbidetzeko emandako agindua. UPNk akordioa lortu zuen PSOErekin, baina Adanerok eta Sergio Sayasek kontra bozkatu zuten. UPNk alderditik kanporatu zituen, eta PPrekin bat egin zuten urtebete geroago.
