Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkari ohiaren finantzak aztertu dituzte. Txostenak bi ondorio nagusi ditu.
Batetik, ikertzaileek susmatzen dute Cerdanek eta «bere senide batzuek» 323.178 euroko irabaziak izan zituztela 2015etik 2024ra bitartean.
Bestetik, jatorri ezagunik gabeko 18.261 euroko diru sarrera atzeman dizkiote Cerdani.
Europa Press agentziak izan du txostenaren berri. Bertan, PSNko buruzagi ohiak eta bere sendiak urtetik urtera izandako irabaziak aztertu dituzte. Mozkin horik «goia jo zuten 2019tik 2023ra» arteko epean.
Gainera, epe horretan, eskura zuen dirua eta txarteleko gastuak murriztu egin ziren. Alta, aldi berean, PSOEri zein Espainiako Kongresuari deklaratutako gastuen kopurua «handiagoa» da. UCOk ondorioztatzen du horiek zeharkako zantzuak direla eta deklaratu gabeko dirua erabiltzen izan zitekeela.
Hain zuzen ere, 2019tik 2021eko epean izan zen Garraio eta Sustapen ministro Jose Luis Abalos. Ikerketa pean diren herri lanen adjudikazio nagusiak bere agintepean izan ziren, eta, hipotesi horren arabera, irabazi horiek bateragarriak lirateke ustezko delitua egin zeneko garaiarekin.
Ildo beretik, txostenak dio «ustezko jatorri ezezaguneko diru sarrerak» detektatu dituztela: 18.261 euro, 2014tik 2017ra artekoak. Garai hartan Cerdan Nafarroan zegoen. PSNko Antolamendu idazkari zen, bai eta parlamentari ere.
Era berean, atzeman duteenez, 2021 amaieran Servinabar enpresa saiatu zen Madrilen etxebizitza bat erosten Cerdanek erabiltzeko. Guardia Zibilaren arabera, milioi bat euroko prezioa zuen etxebizitzak. «Operazioa zapuztu egin zen saltzaileak atzera egin zuelako».
Auzi horren erdian dago Servinabar, Antxon Alonsoren enpresa. Ikertutako esleipenetan Accionarekin batera osatzen zuen enpresa elkartea, eta, Guardia Zibilaren arabera, adjudikazioen truke legez kanpoko komisioak kobratzeko zubia litzateke. Auzia hasi zenetik helburuetako bat izan da Cerdanen eta Servinabarren arteko finantza erlazioak aztertzea.
Hala, orain atera den txostenak Antxon Alonsori lotutako beste enpresa bat ikertu du: Lorgen Genética Proteomica. 2023tik 2024ra bitartean enpresa horrek 1.300 euro ordaindu zizkion hilero Cerdanen emazte Francisca Muñozi. Ordainketa horiez galdetuta, Lorgenek azaldu du administrari laguntzaile lanei lotutako ordainketak egin zizkiotela Muñozi, baina onartu dute ez zela bertaratu inoiz. Euren kolaboratzaile batek, Roberto Aguedak, eskatu zien Muñoz kontratatzeko, hark zuzenean ezin zuela egin argudiatuta.
Guardia Zibilaren arabera, ezin izan dute Cerdanen ondasuna osorik ikertu. Epaileari galdegin diote baimena eman diezaiela Cerdanen lau senidek bost finantza erakundeetan dituzten finantza produktuak aztertzeko. Argudiatzen dutenez zantzuak daude jatorri ezagunik gabeko dirua egon daitekeela bertan.
Ibarrolaren txioa
Orain arte zabaldu den informazio hori albiste agentziaren laburpena da. Haatik, Cristina Ibarrola UPNko presidenteak sare sozialetan txostenean agertutako diagrama bat azaldu du. Bertan, Servinabarren txartel bidez Cerdani ordaindutako diruaren jatorria marrazten da, eta ikertutako adjudikazioen artean «Belate» aipatzen dute.
Horren aurrean, bestelako erreferentziarik izan gabe, Ibarrolak politikoki eraso egin dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari: «UCOk berretsi du Cerdanek ekonomikoki irabaziak izan zituela Belateko tunelaren legez kanpoko adjudikazioari esker». Gaineratzen duenez, «eskandalu horren aurrean Maria Txibitek ezin du presidente gisa minutu bat gehiago jarraitu».
Belateko adjudikazioaren harira, UPNk jarri zuen salaketa Guardia Zibilaren Iruñeko egoitzan, eta, hala, Cerdanen aurkako auzian, herri akusazioa dira. Horri esker, auzitegien ekinbideei buruzko informazio zuzena dute, eta Ibarrolaren txioak erakusten du Guardia Zibilaren txostena eskura dutela.
