Gizon bat atxilotu dute Ribaforadan, indarkeria matxista eta bide segurtasunaren aurkako delitua egotzita

Gizon bat atxilotu dute Ribaforadan, indarkeria matxista eta bide segurtasunaren aurkako delitua egotzita

Foruzaingoak 47 urteko gizon bat atxilotu du, bikotekideari eraso egitea eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat egitea leporatuta. A-68 autobidean atxilotu zuten gizona, Ribaforadako (Nafarroa) atsedenlekuan zeuden zenbait herritarrek, 21:00ak pasata, emandako abisuari esker. Zehazki, herritarrek jakinarazi zuten gizon batek harekin autoan zihoan emakumeari eraso egin ziola.

Autoz alde egin zuen bikoteak, baina lekukoek ibilgailuaren ezaugarriak hartu, eta Poliziari helarazi zizkioten.  Tuterako komisariako Herritarren Prebentzio eta Arreta Brigadako eta Trafiko Brigadak bilaketa operazioa aktibatu zuen, eta handik gutxira geldiarazi zuten ibilgailua, Ebroko autobideko 91. kilometroan. Behin autoa geldiarazita, foruzainek ikusi zuten gizonak gidabaimeneko puntu guztiak galduak zituela, eta drogen atzemate proban, behin-behineko emaitzan behintzat, positibo eman zuen. Horrenbestez, genero indarkeria egozteaz gain, bide segurtasunaren kontrako delitu bat ere egotzi diote.  

Poliziaren esku hartzearen ondoren, ibilgailua geldiarazi, eta atxilotua Tuterako egoitzara eraman zuten, eginbideak amaitu eta epailearen esku uzteko.