Libano hegoaldeko Nabatieh hiriko agintariek gonbidatuta, Israelgo armadak inguru horretan egindako bonbardaketa eta erasoen suntsipena bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du nazioarteko ordezkaritza batek; eta hango ordezkari politikoekin, osasun langileekin eta hildako pertsonen senideekin bildu da. Besteak beste, Frantzia, Belgika eta Danimarkako politikariek, kazetariek eta ekintzaileek osatzen dute ordezkaritza hori, baita Euskal Herrikoek ere, Yala Nafarroa plataformako kide batzuk ere han izan direlako. Haiek guztiak izan dira Nabatiehen sartzen lehenengoak, martxoan sionistek eremu horretako setioa abiatu zutenetik. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak orduan ziurtatu zuen Libanon ere Gazan (Palestina) egin bezala jokatuko zutela.
Lidon Soriano Yala Nafarroako eta Palestinaren Okupazioaren aurkako Sare Solidarioko ordezkariak eskerrak eman dizkie Nabatiehko agintariei gonbidapenagatik, eta gogorarazi du nazioarteko ordezkaritza bat han izatea «Israelgo Estatuak ezarri nahi duen isolamendu politiko, sozial eta narratiboa hausteko modu bat» dela.
«Duela 80 urtetik Palestinan aplikatzen ari den garbiketa etnikoa Libanoko hegoaldera zabaltzen ari da Israel, sionismoak 1897tik ezarritako jarraibideak betez», ohartarazi du Sorianok. Are, ekintzaileak salatu duenez, «Israel metodologia eta helburuak errepikatzen ari da, gerra krimen berberak eginez, Palestinan dagoen zigorgabetasun berarekin».
Yala Nafarroak gogoratu du, martxoaren hasieratik, 4.000 pertsona hil dituztela Libanoko hegoaldean, eta 12.000 zauritu. Bitartean, Libanoko lurrak okupatzen jarraitzen du Israelek
Zentzu horretan, haiena mugimendu «erraldoi» baten ordezkaritza txiki bat izan arren, Yala Nafarroa plataformako kideak baieztatu du palestinarrei eta libanoarrei laguntzen jarraituko dutela, beren lurren alde borrokan ari baitira. «Helburua argia da: okupazioarekin, apartheidarekin eta genozidioarekin amaitzea. Hori proiektu kolonial sionista amaituta bakarrik lortu ahal izango da», azpimarratu du Sorianok.
Isabel Egiguren Yala Nafarroako kidea ere Libanon da. Adierazi duenez, «egiaztatu ahal izan dugu suntsitutako eraikin gehienak etxeak direla. Gobernazioko eraikina eta Libanoko bankua bera ere txikitu dituzte». Beraz, Egigurenek zehaztu duenez, argi dago helburuak zibilak izaten direla.
Lekukotzak
Egigurenen ustez, zailena izan da, besteak beste, hainbat emakumerekin beren seme-alaben hilketaz aritzea, alargunak eta seme-alaba jaioberriak ezagutzea, eta familia osoak ikustea haien herrien kanpoaldean egun luzez itxaroten, beren etxebizitzak berreraikitzeko sartzen utz diezaieten. Halaber, ospitaleetako langileek esplikatu diete haien egoera «gogorra» dela, hilabeteak daramatzatelako erietxeetan «bizitzen», jasaten ari ziren setioaren ondorioz.
Israelgo armadak Nabatieh hirian eragindako suntsipena. YALA NAFARROA
Yala Nafarroak gogoratu du martxoaren hasieratik 4.000 pertsona hil dituztela Libanoko hegoaldean, eta 12.000 zauritu. Bitartean, Libanoko lurrak okupatzen jarraitzen du Israelek.
Oraindik egun batzuk egingo dituzte Libanon nazioarteko ordezkariek. Hainbat erakunderen ordezkariekin bilduko dira, eta errefuxiatu palestinarren kanpalekuak bisitatuko dituzte. Gainera, bidaia horren bitartez, Europako elkartasun mugimenduen eta Libanoko eta Palestinako erakundeen arteko loturak sendotu nahi dituzte, baita bertokoek bizi duten errealitatea ikusarazten lagundu ere, «nazioarteko komunitatearen isiltasun, axolagabekeria eta konplizitatearen pean lurperatuta geratu ohi baita».
