Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Auzitegiko 1. aretoko magistratuak berretsi du espetxean jarraituko duela uztailaren 14an Iruñean atxilotutako gizonak. Uztailaren 10eko goizaldean Estafeta kaleko atari batean emakume bat bortxatu izana leporatzen diote gizonezko horri.
Defentsak argudiatzen du onetsitako sexu harremanak izan zituztela, baina, epailearen arabera, kontakizun hori gezurtatzen dituzten zantzuak bildu ditu orain arteko ikerketak. Horrez gain, biktimak hainbat lesio zituen: ubeldurak belaunetan eta besoetan, eta urradurak zangoetan.
Epailearen arabera, oraindik ere beste hainbat froga bildu behar ditu ikerketak: haiekin gauean izan ziren lagunen lekukotzak, beste lekuko posible batzuk, DNA azterketak eta txosten psikologikoak. Espetxean jarraitzeko agindu du, akusatutako delitua larria delako, biktima babesteko eta frogak aldatzeko saiakera oro eragozteko.
