«Birmigrazioaren gisako aldarri naziak» babestu izana egotzi die Txibitek UPNri eta PPri

«Birmigrazioaren gisako aldarri naziak» babestu izana egotzi die Txibitek UPNri eta PPri

Ceutara (Espainia) Marokotik iritsitako milaka migratzaileen auziak eta horrek eragindako krisi politikoak hautsak harrotu ditu Nafarroako Parlamentuan ere. Gaurkoa izan da urte politikoko lehen osoko bilkura, eta legebiltzarkideek eztabaida bero batekin hasi dute ohiko jarduna. Tentsioak goia jo du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eta Javier Esparza UPNko eledunaren arteko eztabaidan.

Txibitek gogora ekarri du eskuinak eta eskuin muturrak «Ceutaren alde» Iruñeko Udaletxe plazan eginiko protestan «aldarri eta proklama naziak» oihukatu zirela, eta pankartan, esate baterako, etorkinen «birmigrazioa» eskatu zutela antolatzaileek: «Birmigrazioarena da eskuin muturraren aspaldiko aldarrikapen bat, eta UPNko eta PPko ordezkariak pankarta horren atzean egon zineten, etekin politikoa ateratzeko xedez». Esparzari zuzenean kargu hartu dio lehendakariak: «Hipokresia hutsa da aldarri naziak dituen pankarta bati eustea eta, hurrengo egunean, migratzaileen elkarteekin biltzea. Utzi eskuin muturrari atea eusteari, Esparza jauna, azkenerako, eskuin muturrak jan eginen baitzaitu. Bide horrek irrelebantzia politikora eramanen zaituzte ezinbestean».

Eskuin muturrak «Ceutaren alde» eta etorkinen «birmigrazioa» eskatuz Iruñean eginiko protesta, irailaren 2an. JESUS DIGES / EFE

Esparzak gogor erantzun dio lehendakariari. Aurpegiratu dio Ceutan gertatutakoaren harira «ezertxo ere ez egitea edo esatea», eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen aurrean «makurtu» izana: «Nafarroan ez da inoiz egon zu baino lehendakari otzanagorik. Sanchezen ordezkari hutsa zara, kritika txikiena ere ez diozu egiten, eta Nafarroa erabiltzen duzu PSOEren sukurtsal hutsa balitz bezala».

Ceutako bost haur, Nafarroara

Esparzaren aurretik, Ceutan gertatutakoari buruzko galdera egin du EH Bilduko Javier Arza parlamentariak ere. Esan du erakundeek bi aukera dituztela, «migrazio politikak egitea ala migrazioekin politika egitea», eta Nafarroako Gobernuari galdetu dio bi bide horietatik zein hartuko ote duen. UPNren eta PPren jokabidea gogor kritikatu du Arzak, «birmigrazioa eskatzen zuen pankartaren atzean» jarri zirelako irailaren 2ko manifestazioan: «Benetan babesten duzue milaka nafar eta beren seme-alabak kanporatzea, jatorria atzerrian dutelako? Hori da, finean, birmigrazio hitzak esan nahi duena. Eskuin muturraren leloekin bat eginen duzue?».

Azkenik, Europako Batasunak jokatutako rola ere auzitan jarri du EH Bilduko eledunak: «Ukrainako gerrak eztanda egin zuenean, EBk arazorik gabe egin zien harrera milaka herritarri, baina migrazioaz ari bagara, ihesi datozen pertsonak beren herrialdeetara itzularazi nahi dituzte».

Txibitek bat egin du Arzaren iritziarekin, eta immigrazioaren aurkako diskurtsoak txarretsi. Esan du Nafarroako Gobernua «legearen eta giza eskubideen aldera» lerratuko dela beti, eta iragarri du bost adingabe migratzaile Nafarroara helduko direla aurki, Espainiako eta Ceutako gobernuekin hitzartutakoaren arabera.

Kazetarien aurkako erasoak

Irailaren 2an eskuin muturreko taldeek Iruñeko Udaletxe plazan antolatutako protestari buruz ere hitz egin dute talde parlamentarioek. Geroa Bai taldearen izenean, Pablo Azkona legebiltzarkideak gaitzetsi egin ditu plazan ziren kazetari batzuek salatu zituzten erasoak: «Ongi dago manifestatzea eta protesta egitea, baina adierazpen askatasunaren izenean ezin da halako erasorik onartu. Ceutan gertatutakoa politikoki baliatu nahi izan dute eskuinak eta ultraeskuinak, eta jokabide horrek ondorioak izan ditu kalean. Talde politikook irmo agertu beharko genuke beti halako oldarraldien aurka, baina, tamalez, oraingoan ez da horrela izan», esan du UPNren, PPren eta Voxen ordezkariei begira. Europako Batasunarekin ere kritiko azaldu da Geroa Baiko ordezkaria: «Ez du maila eman».

Zurekin Nafarroa koalizioko Guzman Garmendiak ere aipagai izan du Ceutako krisia. Haren esanetan, «eraso hibrido» bat izan zen hura, «Marokok antolatua, baina AEBen eta Israelen babes logistikoarekin». Garmendiak gobernu horiei egotzi die «herritarren desesperazioa beren interesen arabera baliatu izana».