Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak gaur jakinarazi duenez, Marokotik Ceutara (Espainia) iritsitako bost neska adingabe hartuko ditu aurki Nafarroak, eta horretarako gaur egun harrera zentroetan libre dauden plazak erabiliko ditu. Ondoren, adingabe horiek harrera familietara bideratzeko asmoa du gobernuak.
Nafarroako Parlamentuan egin du iragarpena Maeztuk, UPNren eta PPren galderei erantzunez. Kontseilariak ukatu egin du Nafarroako adingabeen harrera sarea «gainezka» dagoenik. Bere esanetan, legeak zehazten du adingabe migratzaileentzako 237 plaza dagozkiola Nafarroari, eta, horietatik, 207 daude okupatuta gaur egun. Hortaz, 30 plaza libre daude, gobernuaren datuen arabera.
Kontseilariak esan du Nafarroak Ceutan sortutako krisiari erantzun behar diola, eta adingabeen banaketan parte hartzeko prest dagoela, betiere «legalitatearekin» bat eginda. «Ceutan bizi duten errealitateari ezin diogu bizkarra eman», adierazi du. Era berean, gogorarazi du adingabe guztiek eskubide berberak dituztela, jatorria edo migrazio egoera edozein dela ere.
607 plaza egoitza baliabideetan
Nafarroako Gobernuak adingabeen babes sistema handitu du azken urteetan, Maeztuk esplikatu duenez: 2015ean, adingabeentzako 157 egoitza plaza eta 40 eguneko plaza edo erdibideko baliabide zeuden; gaur egun, berriz, 607 egoitza plaza eta erdibideko beste 120 ditu. Hortaz, egoitza plazen kopurua ia laukoiztu egin da 2015etik, eta erdibideko baliabideetako plazak ere hirukoiztu egin dira, kontseilariak azpimarratu duenez. Maezturen arabera, hazkundea ez dago lotuta adingabe migratzaileen etorrerari soilik, baizik eta Osasun, Hezkuntza eta Gizarte departamentuetako zerbitzuek babesgabetasun egoeran dauden pertsona gehiago detektatu dituztelako.
Oso bestelako irakurketa egin dute PPk eta Voxek. Javier Garcia PPNko parlamentariak zalantzan jarri du Nafarroak adingabe gehiago hartzeko duen gaitasuna. Haren arabera, harrera zentroak «gainezka» daude, eta adingabe gehiago hartzeak arretaren kalitatean eragina izan dezake. Garciak, gainera, Espainiako Gobernuari egotzi dio Ceutako krisiaren erantzukizuna, eta kritikatu egin du Maria Txibite Nafarroako lehendakaria banaketan parte hartzeko prest agertu izana.
Voxeko Emilio Jimenez parlamentariak, berriz, adingabeak jatorrizko herrialdeetara itzultzearen alde egin du, eta Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu du.
Maeztuk gogor erantzun die bi taldeei. PPri leporatu dio Voxen «argudio arrazistak» bere egitea, eta Voxi, berriz, adingabe migratzaileak «gorrotoaren eta desinformazioaren jomugan» jartzea. Kontseilariaren arabera, Ceutako egoera humanitarioa «hauteskunde helburuekin» erabiltzen ari dira bi alderdiok.
