Inoiz Nafarroan aurkitu diren giza aztarna zaharrenak aurkitu dituzte Abaunzko kobazuloan. Karbono- 14 azterketaren arabera, orain 44.000 eta 49.000 urte bitarteko gizon heldu neandertal baten aztarnak dira aurkitutakoak. Hiru metakarpo, eskuin eskuko hatz-hezur bat eta proteina analisiaren bidez identifikatutako bi zati aurkitu dituzte. Ikerketaz arduratu den taldeak adierazi du aurkikuntza hori «erreferente» izango dela, neandertalen garapena eta desagertze prozesua ezagutzeko.
Abaunzko aurkikuntza horrek neandertalen inguruko ikerketan lagunduko du. Zehazki, orain 40.000 urte Homo sapiens espeziea Europan barrena nola hedatu zen ikusten. Ikerlariek azaldu dute aurkikuntzak Nafarroako neandertalen aztarnen miaketen «hutsunea» betetzeko balio izan duela, eta horrekin batera, talde horien «presentzia» eta «biztanleria dinamika» ezagutzeko bidea ireki duela. Orain arte egindako ikerketen arabera, lortutako DNAk aztarnen kontserbazio «bikaina» du, eta ikerketak aurrera darraien honetan neandertalen desagertze prozesuan gehiago sakontzeko aukera emango du.
2022an hasi ziren indusketak, helburu bikoitzarekin: neandertalak nola bizi ziren, eta Mendebaldeko Pirinioek neandertalen desagertze prozesuan izan zuten eragina gehiago ezagutzea.
