«Putre funtsak» Euskal Herritik kanporatzeko, grebarako deia egin du LABek

Sindikatuek azaroaren 11ko grebaren erregistroa egin dute, eta LAB haren diseinua lantzen ari da etxebizitza arloko eragileekin zein beste sindikatuekin. Deialdi horri begira, «putre funtsak Euskal Herritik kanporatzeko» beharra azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak, gaur egindako prentsaurrekoan. «Partida nagusia Euskal Herrian jokatzen da. EAEko eta Nafarroako gobernuek etxebizitza eremuan eskumen zabalak dituzte eta ardura nagusia haiena da». 

Larunbateko manifestazioaren ondoren, Testa Residencialeko maizterrekin batera agerraldia egin dute Garbiñe Aranburuk eta Jaime Iribarren LABeko Ekintza Sindikaleko arduradunak. Greba «estatu osoan» egingo bada ere, «Euskal Herritik Euskal Herrirako» deialdia izango dela azpimarratu du bertan. Gogoan hartu du Hego Euskal Herria «borroka dinamikan» murgilduta dagoela eta 2020tik hona beste lau greba orokor egin direla.

Euskal esparru propioaren defentsa izango du ardatz LABek, eta horregatik uste du ezinezkoa dela gutxieneko adostasun batera iristea UGTrekin eta CCOOrekin. Martxoko azken greban, esaterako, ez zuten parte hartu eta «gutxieneko soldata propioa bertan erabaki ahal izatearen kontra azaldu ziren». 

«Partida nagusia Euskal Herrian jokatzen da. EAEko eta Nafarroako gobernuek etxebizitza eremuan eskumen zabalak dituzte eta ardura nagusia haiena da»

GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile nagusia

Gaur goizean, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak bilera batera deitu ditu sindikatuak, lanuzteak jarduera ekonomikoan izango dituen ondorioak aztertzeko. LAB ez da joan, «greba eskubidea ez baita negoziatzen». 

Espainiako Gobernuak etxebizitzari buruzko bi dekretu aurkeztu eta biak Espainiako Kongresuak atzera bota eta gero aurreratu ziren hauteskunde orokorrak. Gero, bigarrenez beste bi dekretu aurkeztu eta bat aurrera atera zen. Aranbururen ustez, «ez dira nahikoak bi dekretuetako neurriak, baina egia da ere etxebizitzarekin bizi dugun larrialdi egoeran eskubide batzuetan aurreratzea ona dela».

Espekulazioaren aurkako neurriak hartzea galdegin dio LABek Nafarroako Gobernuari. Biltzeko eskaera egin diote Begoña Alfaro Etxebizitza kontseilariari. Uneotan Iruñeko 507 etxebizitzaren egoera da kezkagarriena. Bere garaian finantzaketa publiko bidez eraikitako babes ofizialeko etxebizitzok izaera hori galdu zuten hamarkada honen hasieran, eta Testa Residencial funtsaren eskuetan daude. Maizterrekin egun hitzartutako kontratua amaitu ahala, etxeak saltzeko asmoa iragarri du.

Testaren etxebizitzen desjabetzea

Larunbateko manifestazioan maizterrek aurreratu zuten ez dutela haien etxeak uzteko asmorik, ezta kontratua iraungita ere. «Etxebizitza publikoaren parkera igaro beharko lirateke etxe horiek, nafarrek ordaindutakoak direlako. Etorkizun laburrean publikoak izan beharko lirateke», aipatu du Iribarrenek.

Bere ustez, legeak ahalbidetzen du etxebizitza horiek desjabetzea, «Nafarroan hainbat azpiegiturarekin egin izan den bezala». Berez, legeak esaten du gobernuak lurrak eta ondasunak desjabetu ditzakeela «interes orokorraren aldeko» proiektu bat badago tartean. Iribarrenen ustez, kasu honetan ere «interes orokorra» dago jokoan eta, hortaz, legea ez da oztopo desjabetzeko.

Nafarroako Gobernuak iragarri du Testarekin hitz egingo duela etxebizitzak berriro ere publiko izan daitezen. Iribarrenek azaldu du LABek ez duela hori kritikatuko, beti ere arrazoizko prezio batean egiten badira, «eta ez merkatuko prezioan, Testak nahi duen bezala».