ELDH Europako abokatuen elkarteak salatu egin du Naparraren kasuan Espainiak duen jarrera

ELDH Europako abokatuen elkarteak salatu egin du Naparraren kasuan Espainiak duen jarrera

ELDH Demokraziaren eta Munduko Giza Eskubideen Aldeko Legelarien Europako Elkarteak salatu du Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra «terrorismoaren biktimatzat» jotzearen aurrean Espainiak duen jarrera. Aurreko astean prentsaurrekoa egin zuten Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, Egiari Zor fundazioak eta Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak, iragartzeko Espainiak hirugarren aldiz egin ziola uko Naparra biktimatzat jotzeari. Horren harira, GEBehatokiak babesa eskatu zion Europako legelari taldeari, eta hala egin dute. Salatu dute Espainiaren erabakia «bereziki larria» dela.

ELDHk zehaztu du Espainiak Naparra aitortzeari behin eta berriz uko egin izana «zorrotz» aztertu beharko litzatekeela, printzipio horien eta haren desagerpenari buruzko frogen argitan. Erantsi dute «estatu terrorismoari» buruzko salaketek «ikerketa independente eta eraginkor» bat eskatzen dutela, «bereziki, ustez Estatuaren babesarekin eta lankidetzarekin jarduten duten talde armatuei giza eskubideen urraketa egozten zaienean».

Naparra oraindik ez da ofizialki onarturiko biktima, ez estatuan, ezta euskal erakundeetan ere. Orain astebete iragarritakoaz gaindi, lehendik, Espainiak birritan egin dio uko Naparrari estatus hori emateari —2008an eta 2013an—. 2004an haren kasu judiziala itxi zuten, epaimahaiak ebatzi baitzuen haren desagerpenean ez zutela aurkitu «terrorismo zantzurik».

Jose Miguel Etxeberria Alvarez 1980ko ekainaren 11n bahitu zuten, Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta Batallon Vasco Español eskuin muturreko taldeak hainbat aldiz hartu zuen bere gain haren bahiketa eta hilketa. GEBehatokiak ohar batean adierazi duenez, 46 urte baino gehiago igaro ondoren ere, ez da argitu ez haren patua, ez bere gorpuzkiak non dauden ere, eta erantzuleak ez dituzte justiziaren aurrera eraman.

Legelarien elkarteak gogora ekarri du zigor prozedurak aurrera ateratzea ezin dela izan egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea bermatzeko irizpide bakarra. Nabarmendu du «motibazio politikoko indarkeriaren biktimek babes bera jaso behar dutela, beren nortasun politikoa edo ustezko egileen nortasuna edozein dela ere».

Bost eskaera Espainiari

GEBehatokiak gaineratu du Naparra biktimatzat jotzeari hiru aldiz uko egin izanak «zalantza larriak» sortzen dituela Espainiako agintarien aitortza irizpideen inguruan, «modu koherentean eta diskriminaziorik gabe» aplikatzen ote dituzten ziurtatzeko. Nolanahi ere, bost eskaera egin dizkie: azken ezezkoa baliogabetzea, Naparraren desagerpenean Espainiak izan dezakeen zerikusiari buruzko ikerketa egitea, Espainiako artxiboetarako sarbidea Naparraren gorpuzkiak aurkitzeko, estatu terrorismoaren biktima guztiei tratu bera ematea eta Naparraren familiari aitortza egitea.