Aldizkariaren itxura eta edukia berritzearekin batera, webgunea indartu du Mailope aldizkariak. Ez hori bakarrik: komunikazio proiektu bateratua aurkeztu dute Aralar irratiarekin batera. Nafarroako Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberri udalerrietako herritarrentzako euskarazko hedabidea da.
Mailope aldizkaria 1990. urteko udazkenean sortu zuten, Araitzen, herri horretako euskara batzordeko euskaltzale batzuen ekimenez. Eskuorri txiki bat baino ez zen hastapenetan, hilabetekaria, baina aldizkari bilakatu zen handik bolada batera. Eskualde osora ere zabaldu zen, eta bolada batean hiru hilean behin argitaratu zuten. 2001ean, berriz, hamar urteko bidearen ostean, Mailope kultur elkartea sortu zuten, eta, hala, aldizkariari egitura eman eta langile bat kontratatu ahal izan zuten. Gainera,bazkidetzaren bidea zabaltzeko eta beste diru laguntza batzuetara aurkezteko aukera ere eman zuen elkartea sortzeak. Mailope kolorezko hilabetekari bilakatu zen handik gutxira.
2008ko krisialdi ekonomikoarekin batera, Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik gabe gelditu zen egitasmoa. 2010ean, hitzarmena lortu zuten Labrit enpresarekin, eta produkzio osoa bere gain hartu zuen hamabost urtez. Oztopoak oztopo, beraz, Mailope aldizkariak etxe guztietara iristea lortu du urteotan, eta 350. zenbakia aurkeztu dute urrian.
Bestalde, Aralar irratia ere 1990. urtean jarri zen martxan, Lekunberrin. Eskualde osoko entzuleentzat izan arren, Lekunberriko Udalarena izan da hasieratik, eta iaz erakunde horrek ontzat jo zuen bi hedabideak elkartzeko Mailope-k egindako proposamena. Ordutik, elkarteak Aralar irratia kudeatzen du, eta bi komunikabideetako langileak elkarlan estuan aritzen dira. Hain zuzen, eskualdeko prozesu parte-hartzaile bat abiatu zuten, bateratzea xede, eta lantaldea definitzen aritu dira azkeneko hilabeteetan, Tokikom sareak lagunduta, harik eta bat egitea erabatekoa izan den arte.
Eduki eta kolaboratzaile berriak
Mailope berriaren irudi korporatiboa eta diseinu berria aurkeztu dituzte berriki. Naroa Erbitik sortu du logoa. Proiektuaren nortasuna eguneratu egin dute modu horretan, «ibilbideari eta jatorriari eutsiz, baina etorkizunera begirako irudi batekin», Jon Urtasunek azaldu duen moduan. «Irakurketa erakargarriagoa egiteko eta gaur egungo komunikazio beharretara egokitzeko», formatua berritu dute. Eduki berriak, beste atal batzuk eta kolaboratzaile berriak ere izango ditu Mailope-k. Tokiko infomazioa emateaz gain, eskualdeko jendearen, kulturaren, memoriaren, kirolaren, gizartearen eta eguneroko bizitzaren berri ere jasoko dute.
Webgunean, aldizkariak argitaratzen dituen albisteak, erreportajeak eta elkarrizketak zabaltzeaz gain, Aralar irratia zuzenean entzun daiteke. Baita irratian sortzen diren eduki guztiak ere: saioak, podcastak eta elkarrizketak.
Proiektuko kideek helburu hauek jarri dituzte aurrera begira: «Eskualdeko informazioa, memoria eta herritarren ahotsa indartzea, eta Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberri lotzen dituen komunikazio azpiegitura soziala sendotzea».
