Baliteke euskarazko D ereduak beste zirrikitu bat irekitzea Nafarroako eskola mapan. Villatuertako Udalak eskaera bat erregistratu du Hezkuntza Departamentuan, zera eskatzeko: D ereduko lerro bat ireki dezatela San Veremundo haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoan, 2027-2028ko ikasturtetik aurrera. Maria Jose Calvo alkateak sinatu du eskaera (PSN).
Diario de Noticias egunkariak eman du eskaeraren berri. Idazkian, Villatuertako Udalak, batetik, «landa guneko eskolak indartzen segitzea» jo du helburutzat, eta bestetik, «haur eskolako haurrek aukera izan dezatela [euskarazko] ereduari segida emateko herriko ikastetxe publikoan». Gaur egun, hori ez da posible, eta seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatu dituzten Villatuertako familiek Lizarrako Remontival ikastetxe publikora bidali behar izaten dituzte haurrak goizero.
Herrian bertan euskaraz estudiatzeko aukera izatea aspaldiko eskaria da, gainera: 2014. urtean horixe eskatu zuten Villatuertako zenbait familiak, eta 2020an ere Hezkuntza Departamentuak jarritako «trabak» salatu zituzten, Mendigorriko familiekin batera. Oraingoan, baina, udalak berak egin du urratsa. Eta ez edozein udalek, gainera, PSNren esku dagoen batek baizik. Hezkuntza Departamentuan erregistratutako eskaeraren bidez, udalak erantzuna eman nahi izan dio «eskola garraioa erabiltzen duten ikasleen familiek aspalditik eginiko eskaera bati», eta bide batez, «herriko haur eskolaren eta ikastetxe publikoaren etorkizuna» bermatu nahi dute.
Aurtengo ekainean, Villatuertako Udalak Kamira enpresari adjudikatu zion 1 eta 3 urte arteko haur hezkuntzako zerbitzua, eta hezitzaileak kontratatzeko baldintzetako bat zen, hain zuzen, euskarazko B2 maila egiaztatzea. «Gaur egun, haur hezkuntzako lehen zikloan izena emanda dauden zortzi haurrak euskaraz ari dira ikasten», gaineratu du udalak. D eredua haur eta lehen hezkuntzara zabalduta, euskarazko hezkuntzari segida emanen liokete herrian.
Eskaera Maria Jose Calvo alkateak erregistratu du, baina haren alderdikide batek egin beharko ditu hurrengo urratsak. Izan ere, Calvok alkatetza utziko du aste honetan, lanari lotutako motiboak direla eta. PSNko Maria Garinek hartuko du aginte makila udalean.
