Asier Garcia Uribarri
Black Roseko programazioaren eten mugagabea”. Horrela zioen hilaren 2an Burlatako taberna historiko horren Facebookeko hormako mezuaren izenburuak. Auzokideren batekin izandako arazoak eta kontzertuak egiteko beharrezko lizentzia berria ez lortzeak eragin du hori. Lizentzia lortzeko egin beharrekoak aztertzen ari da Peio Oroz lokalaren jabea. Bitartean, musika taldeak eta zaleak egoera noiz eta nola bideratuko zain daude.
Tabernetan kontzertuak egiteko araudiak garatuz joan dira azken urteotan. “Ireki genuenean, 1990eko hamarkada hasieran, ez zen baimen berezirik behar. Bizilagunak errespetatu, hori zen egin beharreko bakarra”, azaldu du Orozek. Urte batzuk geroago, “taberna bereziaren” lizentzia sortu zuen Burlatako Udalak, eta Orozek atera egin zuen. Egun, ordea, lizentzia hori zaharkitua dago, eta kontzertuak eskaintzeko beharrezkoa da “kafe-ikuskizun” lizentzia. Orozek bost urte daramatza tabernan lan egin gabe, lokala alokatua baitauka. Asier Perezek darama egun taberna, eta lizentzia berria lortzeko lanak duela urtebete hasi zituen. “Lokala egokitzeko lanak egin ditugu. Orain proba akustikoa egitea baino ez da geratzen, azkena 2004an egin baitzuten. Behin hori eginda, eta lizentzia ordainduta, ez luke arazorik egon behar”.
Hilaren 14an Burlatako udaletxean izan zen Oroz, lizentziari buruzko dokumentazioa jasotzen. Orain, paper guztiak aztertu beharko ditu, eta zer egin erabaki. Perezek kontratua du abendura arte, baina, arazoa konpontzen ez bada, ez du jarraituko. Hori gertatuz gero, betiko Black Rosek ateak itxiko lituzke.
Lokal historikoa da taberna hori. “Burlatan jende guztiak daki non dagoen”, adierazi du Orozek. Mikel Mendinueta lagunarekin batera ireki zuen taberna, 1991ko ekainean. “Gaueko giroan ez genuen gustuko tabernarik aurkitzen, eta erabaki genuen geurea irekitzea”. Inprimatzaileak ziren biak, baina nahiago zuten musika eta ostalaritza. Tabernaren izena Thin Lizzy taldearen abesti batetik atera zuten. “Diskoaren izenburua Black Rose: A Rock Legend zen. Abestia asko gustatu, eta izena ezin hobea iruditu zitzaigun”.
Orozek dio 1990eko hamarkada hasieran Iruñerrian ez zegoela lokalik talde hasiberrientzat. “Beharra nabaria zen, programazioa beti bete-betea izaten baikenuen”. Musika talde hasiberrien erakusleihoa zen Black Rose. Orozek dio ez zutela estilo batera mugatu nahi, baina rock and rollak beti izan duela presentzia handia.
Taberna ireki zutenetik musika mundua asko aldatu dela azaldu du Orozek. “Lehen ez zegoen Internetik, eta taldeek asko mugitu behar zuten kontzertuak egiteko. Gu hamaika tokitatik deitu gaituzte kontzertu eske. Maketa bat eta taldeari buruzko informazioa bidaltzen ziguten, taldearen curriculuma. Guztia eskuz idatzia”. Horrenbeste material izaten zuten, ezin baitzieten talde guztiei jotzeko aukera eman. “Guk erabakitzen genuen nork jotzen zuen eta nork ez. Ez gara kritikoak. Baina norbaitek hartu behar zuen erabakia”.
Musikarien eskola
Talde berrientzat ez ezik, musika zaleentzat ere elkargunea da Black Rose. “Euren etxean ere ezagutzen ez zituzten taldeek jo dute. Gerora, batzuk ezagunak egin dira. Adibidez, Marea. Hemen jo zutenean, haien kuadrilla baino ez zegoen publikoan, eta, handik gutxira, disko piloa saltzen hasi ziren”. Erreferentzialtasun horrek eragin du talde ezagun askok tabernan jo izana. “Barricadak kontzertu berezia egin zuen gurean bateria aldatu zutenean, eta gure 20. urtemugan Komak jo zuen”.
Eugenio Aristu Flacok dio musikari gisa Black Rosen hasi zela. “Partaide izan naizen talde guztiekin jo dut Black Rosen, hasi Bajo Cerorekin eta Txarrenara arte”. Musikarientzat taberna oso ondo antolatua dagoela uste du Aristuk. “Tratua oso ona izan da beti, baita soinuaren kalitatea ere”. Urteetan tabernaren inguruan musikarien arteko harreman sare bat osatu zela uste du. “Iruñerrian rockarekin zerikusia duen edonor pasatu da Black Rosetik”. Taldeekin egindako kontzertuez gain, Aristuk hainbat aldiz parte hartu du tabernako jam session-etan. “Urtemuga hurbiltzen zenean, horrelako ekitaldiak antolatzen genituen tabernaren inguruko jendeak”.
Hala ere, historia hori guztia zintzilik dago orain. Pena handia hartu zuen Aristuk Black Rosen kontzertuak eten behar dituztela jakin zuenean. “Ez dut pentsatu nahi bukatuko denik. Ez dakit zehatz-mehatz zer arazo izan dituzten, baina espero dut konponduko dituztela”.
Musika talde hasiberriei agertoki bat eskaintzeko sortu zen Black Rose, eta oraindik ere egiteko hori betetzen duela uste du Aristuk. “Akaso, gazteek aukera gehiago dituzte gitarra bat lortzeko, baina jotzeko orduan ez dakit gauzak askorik aldatu diren”. Hala ere, Aristuk uste du rocka dela krisian dagoena. “Errelebo falta dago. Garai batean rockak bazuen publiko zabala. Gaur egun, ordea, gazteek beste estilo batzuetara jo dutela iruditzen zait”.