Triki-triki-triki. Maletak zabaldu, panderoak astindu, eta trikitien doinuez bustiko dira gaur Lesakako karrikak. Nafarroako X. Trikiti Jaialdia ospatuko dute, 17:30ean, Lesakako Harriondoa kultur etxean. «Trikitia presente dago Nafarroan, eta, jendeak uste badu galdu dela edo mundu txikia dela, oker da: akaso, ez da hain handia, baina oso presente dago», esan du Irune Elizagoienek, Nafarroako Trikitixa Elkarteko kideak. Lesakako Udalarekin batera antolatu dute elkarteko kideek jaialdia.
Nafarroako Trikitixa Elkarteko zenbait kidek Oñatiko Trikiti Jaialdira (Gipuzkoa) joateko ohitura zuten, eta horietako jaialdi baten ostean, pentsatu zuten ideia ona izan zitekeela Nafarroan ere jaialdi bat egitea. Izan ere, Nafarroan «jende anitz» trikiti gose da: «Edozein herritako festetan trikiti emanaldiak eta kalejirak daude, eta Nafarroako herri anitzetan trikitia jotzen ikasteko eskolak daude».
Aintzane Agirrebeña, 2020ko jaialdi batean, Lesakan. NAFARROAKO TRIKITIXA ELKARTEA
Lehenengo urtean, 2014an, Altsasun ospatu zuten jaialdia, eta «berezia» izan zen Elizagoienentzat: «Horrelako zerbait antolatzen genuen lehenengo aldia zen; antolatzeaz gain, parte ere hartu genuen». Hasieran ez zuten argi zer-nolako harrera izanen zuen, baina «hagitz ongi» atera zen: «Nafarroan trikitilari eta zale anitz egon arren, trikitia biziago dago Gipuzkoan, agian. Hala ere, parte hartzaileek segituan eman ziguten baiezkoa, eta aretoa bete zen». Ordutik, ia urtero bete dute aretoa, baina, aurten, inoiz baino azkarrago: «Sarrerak amaitu egin ziren bigarren edo hirugarren egunerako».
Sormenerako lekua
Trikitiak astintzen hamarkada bat daramatela ospatzeko, jaialdi berezia ospatuko dute aurten. Orain arte, bi pertsonaz osatutako zazpi edo sei taldek jotzen zuten, baina, aurten, hirukotez eta laukotez osaturiko sei talde egin dituzte. «Hamar urte hauetan parte hartu duten bikoteak elkartzea erabaki genuen; adibidez, lehenengo urtean jo zuen bat laugarren urteko jaialdiko kide batekin», azaldu du. Hala nola Ainara Narbartek, Iker Goenagak, Kattalin Zubizarretak eta Alaitz Telletxeak hartuko dute parte.
«Trikitia ardatz izanik, norberak askatasuna dauka beretik nahi duena jendearen aurrean aurkezteko».
IRUNE ELIZAGOIEN Nafarroako Trikitixa Elkarteko kidea
Trikitiak eta panderoak nagusi izanen dira, baina batzuk baxuen, biolinen eta beste instrumentuen laguntzaz baliatuko dira. Elizagoienen arabera, urtero «berezia» da eta sorpresa «zoragarriak» egoten dira: «Ez dakigu jendea zerekin etorriko den, baina badakigu lana eginda etortzen direla. Orduan, seguru aurten ere izanen dugula zertaz gozatu». Gaineratu du jaialdi bat denez, eta ez txapelketa bat, sormenerako lekua dagoela: «Trikitia ardatz izanik norberak askatasuna dauka beretik nahi duena jendearen aurrean aurkezteko».