Egindako bidea galtzeko beldur

Egindako bidea galtzeko beldur

Kezkak hartu du Beintza-Labaiengo aterpetxeko arduradunen egunerokoa. Urrian 35 urte beteko ditu haien proiektuak, baina bide hori kolpez amaituko ote den beldur dira. Herriko udalak hartutako zenbait erabakik eragin dute oraingo egoera, erabaki horien ondorioz arriskuan baita Mikel Albisuk eta Idoia Etxeberriak martxan jarritako egitasmoaren bideragarritasuna. Albisuk eta Etxeberriak ez dute atea itxi nahi, baina garbi erran dute bertze aukerarik ez dutela izanen, Beintza-Labaiengo Udalak atzera egiten ez badu.

Azken bi urteotan gertatu denak azaltzen du gaur egungo panorama. Batetik, herrira —zehazki, aterpearen ondora— mugitu den bikote baten kexei egin behar izan diete aurre aterpetxeko arduradunek; bertzetik, udalaren erabakiei. «Zarata handia egiten dugula esaten hasi ziren bizilagun etorri berriak. 35 urtean ez dugu gisako inolako kexarik izan», kontatu du Mikel Albisuk. Iazko ekainean, herritarrek bertze urrats bat egin zuten, eta salaketa aurkeztu zuten Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiaren aurrean. «Ikuskaritza bat egin ziguten, eta txosten juridiko bat osatu: Nafarroako Gobernuak hutsean utzi zituen gure kontrako salaketa guztiak», nabarmendu du Albisuk.

Gobernuak aterpetxearen kontrako salaketak bazter utzi eta gero, Albisuk «harrituta» hartu ditu Beintza-Labaiengo Udalak egindako urratsak: batetik, herriko eremu publikoen erabilera arautzeko ordenantza bat osatu du; eta, bertzetik, aterpetxeari udaletxeko gela bat erabiltzeko emandako baimena bertan behera utzi du. «Ordenantza gure kontra osatu dute, argi eta garbi; asmo bakarra da gure jarduera oztopatzea», erran du aterpetxeko arduradunak. Nafarroako Hitza Beintza-Labaiengo alkatearekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu.

Bigarren jantokia

Albisuk eta Etxeberriak Beintza-Labaiengo herriko ostatua eta aterpetxea kudeatzen dituzte. Eraikina udalarena da, eta udalak deialdi publiko baten bidez ematen du zerbitzua kudeatzeko ardura. Azken 35 urteotan Etxeberria eta Albisu aritu dira lan horretan; azken lehiaketa publikoa 2010ean egin zuten, eta, urte hartan, 2030era bitarteko kontratua eskuratu zuten Albisuk eta Etxeberriak herriko ostatua eta aterpetxea zuzentzeko. «Hogei urterako eman ziguten, kudeatzailearen esku gelditzen ziren berrikuntza batzuk egin behar zirelako aterpetxean», zehaztu du Albisuk.

Beintza-Labaiengo aterpetxeko arduradunen agerraldia, hainbat eragilerekin batera, haien proiektua arriskuan dela salatzeko. Martxoaren 15ean egin zuten, Donezteben. NAFARROAKO HITZA

Berrikuntza horien bidez, aterpetxeak 42 pertsonarentzako tokia du orain; lehen, 30 sartzen ziren. «30 pertsonarentzako tokia dugu herriko ostatuko jantokian, baina ez 42rentzako». Arazo hori konpontzeko, aterpetxeko arduradunek udaletxera jo zuten, eta udalaren baimena jaso zuten herriko etxeko gela bat bigarren jantoki gisa erabiltzeko. «Udaletxearekin partekatzen dugu eraikina, eta, gela horri esker, taldeak behar bezala artatzeko aukera dugu».

Orain, baina, baimen hori hutsean uztea erabaki du udalak. «Udalak atzera egiten ez badu, maiatzaren bukaeran gela horretako giltzak itzuli beharko ditugu. Jantoki bakarrarekin, gure proiektua ez da bideragarria», kontatu du Mikel Albisuk. Udalak prestatutako ordenantzak ere «zaildu» du aterpetxekoen jarduera. «Frontoian ginkana bat edo gisakoak antolatzeko tramitea zaildu digute, eta gure jarduerekin bat egiten ez duten ordutegiak zehaztu dituzte», salatu du.

Aterpetxeko kideek alegazioak aurkeztu dituzte ordenantzaren aurka, bai eta jantokia erabiltzeko debekuaren aurka ere. «35 urteotan, frontoia eta beste eremu publiko batzuk erabili ditugu, inolako arazorik gabe. Beti errespetatu dugu herritarrek eremu horiek erabiltzeko eskubidea, eta ez da inoiz gatazkarik sortu. Herrian ez dugu eremu publikoak erabiltzeko ordenantzarik behar». Albisuk salatu du udalak eskatuta enpresa bat sortu behar izan zutela aterpetxea eta herriko ostatua kudeatzeko, eta, orain, hain zuzen, enpresa bat direlako, herriko eremu publikoak erabiltzeko trabak jartzen dizkietela.

Babesa

«Gure herria populazioa galtzen ari da; gurearen gisako proiektuak inportanteak dira egoera horri aurre egin ahal izateko». Horixe uste du Mikel Albisuk, eta ez da bakarra, aterpetxearen egoera azaltzeko agerraldian bertze hainbat eragileren babesa jaso baitu. Martxoaren 15ean, hedabideen aurrean agertu ziren Mikel Albisu eta Idoia Etxeberria, eta haiekin egin zuten bat Arantzako aterpeko, Baztango Mendizaleak elkarteko, Baztan-Bidasoko Turismo elkarteko eta Landa Turismoko Federazioko hainbat kidek.

«Gure herria populazioa galtzen ari da; gurearen gisako proiektuak inportanteak dira egoera horri aurre egin ahal izateko». 
MIKEL ALBISU Beintza-Labaiengo aterpetxeko arduraduna

Beintza-Labaiengo herritar anitzen babesa ere jaso dute aterpetxeko kideek: «Otsailaren 23an herri batzarra egin genuen; herrian 225 biztanle gara, eta ehun inguru etorri ziren. Kezkatuta daude», erran du Albisuk. Udalarekin solastatzeko prest direla erantsi du, baina garbi utzi du erabakitzeko eskumena herriko agintariena dela. Udalak jantokia erabiltzeko debekuari eusten badio, uda amaitu arte uzteko eskatu du Albisuk, udaberrian hamaika talde hartuko dituztelako, eta, udan, berriz, udalekuak. Aterpetxeko kideek lanean segitu nahi dutela berretsi dute.