Erriberri prest da: Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 26. aldia aurkeztu du Iruñean, Baluarte auditoriumean maiatzaren 29an egindako agerraldi batean. Uztailaren 18an hasiko da jaialdia, eta abuztuaren 3ra bitarte, 27 konpainiaren berrogei funtzio eskainiko ditu Erriberrin, Tafallan, San Martin Unxen, Beiren eta Pitillasen. Haietako bi bertzerik ez dira euskaraz izanen: Hikaren Zorretan eta Harreman taldearen Enbor(r)ak.
«Jaialdiak arte bizien erdigune bilakatuko du Nafarroa, hamaika tokitatik etorriko diren taldeen lanaren bidez», nabarmendu du Esnaolak. Ane Pikaza eta Maria Goirizelaia dira aurten ere Erriberriko jaialdiko zuzendari artistiko, eta zehaztu dute aurtengo aldia «oraina eraldatzeko» proposamen bat dela. «Ideiak, hitzak eta ekintzak nahastuz», gizarte «kritikoago eta humanoago bat» lortzea hartu dute helburu, eta, programazioa osatzeko aukeratutako konpainien eta obren bidez, «askotarikoen arteko topagune» bilakatu nahi dute jaialdia.
Erriberriko La Cava aretoa izanen da jaialdiaren egoitza nagusia; han hamabi ikuskizun aurkeztuko dituzte: Miramediaren En mitad de tanto fuego, uztailaren 20an; Las Nenas Theatreren Torcidxs, uztailaren 23an; eta Hika Teatroa konpainiaren Zorretan, uztailaren 24an, bertzeak bertze. Azken hori euskaraz emanen dute; Agurtzane Intxaurragak zuzendu du, eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastortza eta Javier Barandiaran ditu aktore.
Compañia Criolla antzerki konpainiaren obra bat. Erriberriko Antzerki Jaialdian ariko da udan. NAFARROAKO GOBERNUA
Erriberriko karrika guztiak oholtza bilakatuko dira antzerki jaialdiaren bidez, eta aukera emanen dute hainbat diziplina uztartzen dituzten lanak aurkezteko. Kataluniako Lapso Crick zirku konpainiak Ovvio izenburuko ikuskizuna aurkeztuko du, uztailaren 18an, eta Harreman konpainiak antzerkia eta dantza nahasten dituen Enbor(r)ak emanen du, abuztuaren 2an, bertzeak bertze. Musikak ere izanen du tokia: Gorka Urbizuk eta Broken Brothers Brass Band taldeak joko dute, abuztuaren 1ean eta 3an.
Egoitzak eta tailerrak
Erriberritik kanpo, antzerki jaialdia Beirera, Tafallara, San Martin Unxera eta Pitillasera iritsiko da; Pitillasen, zehazki, Itsaso Iribarrenek eta German De la Rivak garatutako Resonancias izenburuko proiektu artistikoa aurkeztuko dute; musikak lagundutako ibilbide bat eginen dute, abuztuaren 2an. Tafallan eta Beiren, berriz, jaialdiaren egoitza artistikoak eginen dituzte. Tafallan, Estefania de Paz Asin egonen da, Oscopía: creo con ciencia, creo conciencia proiektuarekin. Artistak emanaldi bat eginen du Tafallan, uztailaren 29an, eta bigarren bat, Erriberrin, uztailaren 31n. Beiren Natxo Lapieza egonen da, Farmacia Marcial lanarekin. Han uztailaren 28an aurkeztuko du obra, eta uztailaren 30ean, Erriberrin.
Gainera, herritarrentzat eta bisitarientzat sei tailer antolatu dituzte Erriberrin, eta topaketak antolatu dituzte artisten eta kazetarien artean. Tailerretako bat Marco Canalek zuzenduko du. Erriberriko zaharren memoria lantzeko eta zabaltzeko La velocidad de la luz proiektua garatuko du, eta emaitza jendaurrean aurkeztuko du herriko karriketan, uztailaren 29an eta 30ean. Canale Iruñean ari da lanean egunotan, izenburu berarekin hiriburuko Alde Zaharreko adinekoen memoria lantzen, Arbola jaialdiaren barruan. Ekainaren 15ean eginen dute Iruñeko emanaldia, San Frantzisko plazan.
Nafarroako Gobernuak salgai jarri ditu Erriberriko Antzerki Jaialdiaren barruan antolatutako emanaldietarako sarrerak. Sarean eskura daitezke, Festivaslteatroolite.com eta Fundacionbaluarte.com helbideetan. Erriberriko Enozentrum aretoan, Baluarteren leihatiletan eta Tafallako kulturgunean ere salduko dituzte, bertzeak bertze. Urbizuren kontzertua eta Harreman konpainiaren Enbor(r)ak lanaren emanaldiak doan izanen dira, baina aurretik sarrera jaso beharko da Enozentrum aretoan.