Egunkari batean ikusi zuen berria: Nafarroako Gobernuak Urraulgoitiko Perotx etxea salgai jarriko zuela enkante batean. XVIII. mendeko harrizko etxe handi bat da Perotx; Adoainen dago, 1980tik 2005era kaputxinoen esku egon zen, eta azken hogei urteotan, hutsik. Etxea ikusi bezain pronto, kulturaren esparruan aritzeko toki ezin hobea zela pentsatu zuen Iñigo Martinez Monasterio iruindarrak, eta kulturaren bidez ibar eta eskualde oso bat biziberritzeko proiektua mamitzen hasi zen. Lagun talde bat osatzea izan zuen lehen zeregina. Perotx erosi dute, eta azken baimenen zain dira orain, etxea moldatzeko obrak hasi ahal izateko.
Adoaingo Perotx etxearen barrualdea.
Haurtzaroan Urraulgoitin emandako denborak erraz eta sakon lotu du Martinez Monasterio Perotx etxearekin. Hark eta harekin bat egin duten gainerako eragileek iazko udan egin zituzten lehen urratsak Perotx etxearen inguruko komunitatea sortzeko; etxea atontzeko lanak hasi zituzten, eta garatzen hasi ziren, gainera, eraikinerako proiektua. «Etxe handi bat da; 23 pertsona hartzeko tokia dugu, eta erabilera anitzeko gela handi bat, taldeentzat. Frontoi estali bat ere badugu, eta lorategi handi bat. Toki magiko bat da. Talde batek hartu du etxea, baliabide komunitario bat eskaintzeko», azaldu du Martinez Monasteriok.
Egonaldi artistikoak
Kulturaren arloan ari diren edo lan egin nahi duten taldeak eta kolektiboak erakarri nahi ditu Perotx etxeak; kultura sortu nahi dute, eta, aldi berean, landa eremua biziberritu. Adoainen biztanle bakarra bizi da, 93 urteko gizon bat, eta Martinez Monasteriok kontatu du hark «kontent» hartu duela Perotx etxearen proiektua. Eraikina erosi dutenek eskualde osoan eragin nahi dute; izan ere, Urraulgoiti da Nafarroako eremurik despopulatuena, 0,9 biztanle baititu erroldatuak kilometro koadroko.
Iruñetik 50 minutu ingurura dago Adoain; ondorioz, Perotx etxeak asteburu osorako kultur jarduerak eskaini nahi ditu, eraikinean lotan gelditzeko aukerarekin. Gainera, egonaldi artistikoak egiteko asmoa jorratzen ari dira, idazleek, musikariek, antzerki taldeek eta bertzek beren sormen prozesuak garatzeko aukera izan dezaten. «Ez du zentzurik idazle bat edo musikari bat hartzeak; asmoa da idazle edo musikari taldeak hartzea», zehaztu du Martinez Monasteriok. Urraulgoitiko ondarea aztertzeko eta formakuntza sustatzeko asmoa ere badute.
Perotx etxeko kideak, Adoainen.
Perotx etxeko kideek laguntza behar dute proiektua martxan jartzeko, obren aurrekontua 250.000 euro baita. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bat jaso dute, baina ez da nahikoa. Hori dela eta, diru bilketa publiko bat hasi dute sarean. «Obrak lehenbailehen hasi nahi ditugu, apirilaren amaierarako bukatu behar baititugu Nafarroako Gobernuaren laguntza kobratu ahal izateko», erran du Martinez Monasteriok. Lagundu nahi duenak Goteo.org/project/perotx helbidean aurkituko ditu argibideak.