Komunitatean bizi, Pirinioetan gelditzeko

Komunitatean bizi, Pirinioetan gelditzeko

Herritar askok nahi dute Pirinioetan lan egin eta bizi. Baina hango herrietan gelditzeko zailtasunak dituzte. Etxebizitzarena da zailtasun nagusietako bat: arazo asko dituzte behar duten etxebizitza aurkitzeko. Auzi horri eta despopulazioari aurre egiteko, Gu Pirinioa plataforma Pirinioetako Coliving Sarea sustatzen ari da Nafarroan.

Komunitatean bizitzeko eredu bat da coliving-a. Egun, bi egitasmo daude Nafarroan: Erronkarin eta Otsagabian. Halere, eredu hori zabaltzea nahi dute, eta laster lau izatea. Horretarako, urte amaierarako prest izateko asmoz, bi gune zaharberritzen ari dira Otsagabian eta Ezkarozen. Pirinioetako Planaren barruan dago proiektua, eta orain arte udalek kudeatu dute. Proiektua koordinatzeko taldean segitzen dute udalek, baina Gu Pirinioa plataformak hartu du gidatzeko ardura. Eskualdea biziberritu nahian, hainbat eragilek bat egin dute plataforman. Amparo Viñuales Gal Erronkariko alkateak nabarmendu du «oso esperientzia polita» izan arren «lan karga handia» izan dela udalarentzat: «Gutxi garenez, oso zaila da jendeari harrera egitea eta beharrei erantzutea».

Lehenengo etxea —Etxegozti— iazko urtarrilean jarri zuten martxan, Erronkarin. «Nolabait, aitzindariak izan gara», esan du Viñualesek. Zaldua ostatua zen lehen Etxegozti, eta jabea zendu zenean, testamentuan jarri zuen Nafarroako Gobernuari utzi nahi ziola ostatua, zahar etxe bat egiteko. Handik hiru urtera, Nafarroako Gobernuak ez zuenez deus ere egin, Anfas elkartearen eskuetara pasatu zen. 2019an, Erronkariko Udalak eraikina erosi zuen diru laguntza baten bidez. «Ia hogei ohe zituen ostatu bat eta erreferentziazko jatetxe bat zenez, gure lehenengo asmoa birgaitzea izan zen. Diru faltarengatik arazoak izan genituen, ordea, eta ezin izan genuen egin», adierazi du alkateak. Ostean, ikusi zuten eskualdera lan egitera doan jendeak etxebizitza aurkitzeko arazoak dituela, eta coliving-a egitea erabaki zuten.

Esperientzia ona

Gaur egun, lau gela, komunak, sukaldea, egongela, bizikletak gordetzeko gela eta lan egiteko espazio komunitario bat dauzka Erronkariko Etxegozti etxeak. «Oso gauza berria izan da guretzat, baina, aldi berean, oso esperientzia aberasgarria», aitortu du Viñualesek. Egitasmoa hasi zutenean, ez zuten antzeko beste udal proiekturik ezagutzen, eta pertsona bat kontratatu zuten gunea kudeatzeko gida bat egiteko. Ilusioz beteta ari dira proiektua garatzen, eta «oso pozik» daude emaitzarekin.

«Lanean jarraitzeko gogoz gara, baina, aldi berean, etsita gaude Nafarroako Gobernuaren jarrera dela eta»

AMPARO VIÑUALES Erronkariko alkatea

Erronkariko etxebizitza horretan, helburuetako bat zera da, sasoika lan egiten dutenei etxebizitza alternatiba bat eskaintzea. Horregatik, gutxienez hilabete eta gehienez urtebete egon daitezke han. Iaz, hamabost lagun baino gehiago egon ziren Etxegoztin bizitzen. Dena den, «malguak» dira epe kontuetan. «Norbaitek negozio bat jartzeko asmoa badu, eta denbora gehiago behar badu negozioa bideragarria izan daitekeen jakiteko, berriro azter dezakegu haren egoera». Viñualesek uste du aukera egokia izan daitekeela bertakoak ez diren baina bailaran lan egin eta bizi ote daitezkeen jakin nahi dutenentzat: «Behin betiko etxebizitza bat baino gehiago, herrian geratzeko bidean urrats bat izan daiteke».

Etxebizitza, errotzeko oztopo

Proiektua etxebizitza arazoari eta despopulatzeari aurre egiteko tresna «baliagarria» den arren, Erronkariko alkateak ohartarazi du ez duela afera guztiz konpontzen: «Etxebizitza zahar pila bat daude hutsik. Pirinioetako Mahaian aspalditik ari gara esaten hutsik dauden etxebizitzak zaharberritzeko inbertsio handia behar dela». Hutsik diren etxe batzuk herritarrenak dira, eta beste batzuk, udalarenak eta Nafarroako Gobernuarenak. Erronkariko alkateak salatu du inbertsiorik ezak jendeak atzera egitea eragiten duela: «Hemen badago euren bizitza proiektua eraiki edota negozio bat sortu nahi duen jendea, baina ez daukate non bizi».

Erronkariko Etxegozti etxeko egongela, aurtengo argazki batean. NAFARROAKO HITZA

Pirinioetako Mahaiak hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Gobernuarekin, baina diru laguntza jasotzeko garaia iritsi denean, gobernuak ukatu egin dio. «Esaten dute ez dagoela dirurik, eta zaharberritu nahi genituen udal etxeen proiektua bazter gelditu da. Izugarrizko kolpea izan da guretzat», dio Erronkariko alkateak. «Etengabe ari gara borrokan auzi honetan, eta gobernuak ez du neurririk hartzen. Lanean jarraitzeko gogoz gara, baina, aldi berean, etsita gaude gobernuaren jarrera dela eta. Nafarroako Gobernuak benetan kezka badu herriak hustearekin, ezinbestekoa da etxebizitzaren auziari behingoz heltzea».