Nafarroako Gobernuak mahats zuriaren barietate berri bat aurkeztu du Erriberrin, musa izenekoa. Arellanon aurkitu zuten, 2008an; Patxi Goñi herriko nekazariak Evena Nafarroako Bitikultura eta Enologia Agentziako teknikarien laguntza eskatu zuen, cabernet sauvignon barietateko 35 urteko bere mahastian mahats zuriak zituen mahatsondo bat aurkitu baitzuen. Evenako kideak hura aztertzen hasi ziren, eta 2017an, Nafarroako mahatsondo barietateen inguruko lanetan bilatu eta gero, Arellanon agertutakoa orain arte ezezaguna zen barietate bat zela ondorioztatu zuten.
Evenako teknikariek nabarmendu dute musa «bitxikeria» bat dela mahats zuriaren barietateen artean. Arellanoko Musen Villa erromatarren garaiko aztarnategi arkeologikoaren ondoan aurkitu zuten, eta haren izena hartu du. Evenako ordezkariek esan dute inguru hartan ardoa egiten zutela I. mendean.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdi (argazkian, erdian), ekainaren 16an, Erriberrin, musa mahatsarekin egindako ardoa dastatzen. NAFARROAKO GOBERNUA
Evenako enologo Izaskun Oriak musa barietatea «bakarra eta berezia» dela azpimarratu du, Erriberrin egindako aurkezpenean, ekainaren 16an. Berandu ernatzen dela zehaztu du, eta botrytis izeneko onddoari aurre egiteko ahal handia baduela.
Upategiekin elkarlanean
Evenak musa mahatsarekin egindako lau ardo aurkeztu ditu Erriberriko ekitaldian; probak egin nahi izan dituzte, mahats barietate berriak merkatuan zer aukera izan ditzakeen aztertzeko asmoz. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdik Evenako kideek egindako ikerketa eskertu eta txalotu du, eta erantsi nekazariek «kalitatezko ardo bat» eskaini ahal izanen dutela musa mahatsarekin.
Evena Nafarroako hainbat upategirekin elkarlanean hasi da, eta musa mahatsa probatzeko landatzeak egin dituzte; zehazki, Bodega de Liedena, Otazu, Inurrieta eta Azul y Garanza upategiak ari dira proiektuan parte hartzen, musa mahatsa han eta hemen nola hazten den aztertzeko asmoz. Evenako teknikariek jakinarazi dute musa mahatsa produkzio txikiko barietate bat dela, mordo eta fruitu txikikoa.