Zinemara jauzi egiten duten ametsak

Zinemara jauzi egiten duten ametsak

«Konpromisoa», «esperientzia» eta «babesa». Hiru hitz horiek nabarmendu ditu Carlos San Julian Golem zinemetako programazio arduradunak Go! proiektuari buruz. Maiatzean jarri zuten martxan, eta helburua da zinemaren munduan hasi berri direnek aukera izan dezatela beren lanak Golem zinema aretoan erakusteko. «Urte luzeko esperientziaren ondorio izan da programa hau. Jende asko etorri izan da guregana esku artean zuten zinema proiektu bat edo gradu amaierako lan gisa aurkeztutako lanak zinema areto batean ikusi nahi zituztelako. Behar bat bazela ikusi genuenez, eta zinemagile berriak babesteko konpromisoa dugunez, ideia garatu eta forma eman diogu», kontatu du. Go! proiektuaren bidez, hain zuzen, zinemagile berri horiek egindako film laburrak Golemetan erakusten dituzte; ostegunetan proiektatzen ohi dituzte, 19:00etatik 20:00etara edo 20:00etatik 21:00etara, Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan.

Lanak aurkezteko, hiru baldintza nagusi daude. Lehenik, film laburrak izatea: «Gehiengoa horrelako lanekin estreinatzen da, errazagoa delako». Bigarrenik, ez izatea lan komertzialak: iragarkirik ez dute onartzen. Hirugarrenik, zinemagile berriak eta gazteak lagundu nahi ditu Go! programak: «Eskarmentu handiagoa dutenek agian ez dute bultzada hori behar». Ez da beharrezkoa tokian tokiko lanak izatea, baina orain arte soilik Nafarroan sortutakoak jaso dituzte. 

Maria Moreno Novoak, adibidez, ¿Dónde estás? (Non zaude?) film laburra bidali du Golemetara. Nahia (Itziar Manero) eta Laura (Blanca Martinez Rodrigo) gazteak dira film laburreko protagonistak. Nafarroako iparraldetik egindako azken bidaiaz, bikote harremana amaitzeko beldurrez eta euren ametsez mintzo da lana. Film labur horretaz gain, heriotza, maskulinitatea, maitasuna, dolua, osasun mentala eta beste gai asko jorratzen dituzten bertze hainbat proiektu jaso dituzte antolatzaileek, eta lan horientzat erakusleiho izan da zinema aretoa.

Udan lasai-lasai ibili dira, eta ez dute proposamenik jaso, baina hemendik aurrera film labur ugari jasotzeko irrikan daude. Horretarako, golem.pamplona@golem.es posta elektronikora bidali behar dira lanak. Behin lana bidalita eta Golemeko kideen oniritzia jasota, funtzionamendua «oso erraza» dela nabarmendu du San Julianek: «Guk aretoa jartzen dugu, eta aretoko gastuak kitatzeko behar dugun gutxienekoa kobratzen dugu. Aretoa izanda, zuzendariek beren lagunentzako, ezagunentzako eta nahi duen ororentzako saio bat antolatu dezakete. Zure lana aurkezteko jai moduko bat da». 

«Ez da beharrezkoa sarrerarik kobratzea. Guk babesa eskaini nahi diegu hasiberriei eta, bereziki, gazteei»

CARLOS SAN JULIAN Golemeko programazio arduraduna

Golemek proposatzen du gehienez sarrera 3,5 euroan jartzea, aretoko gastuak kitatzeko. 30 sarrera baino gehiago salduz gero, hortik gora irabazitako dirua zinemagilearentzat da. San Julianek argi utzi du zinemagileak bere gain hartu dezakeela aretoko gastua: «Ez da beharrezkoa sarrerarik kobratzea. Guk babesa eskaini nahi diegu hasi berriei eta, bereziki, gazteei».

San Julianen hitzetan, zinemagile berriek beren lehen filma zineman nola entzuten eta ikusten den jakin dezakete Go! egitasmoaren bidez; helburua, halere, harago doa: «Golem beti izan da eta oraindik ere bada zinema erakustokia eta banatzailea. Urte luzeko esperientzia daukagu, eta industriako esparru guztiak kontrolatzen ditugu pixka bat». Gaineratu du film laburrak zabaltzeko jaialdiak antolatzen dituztenekin harremanetan jartzea ere badela beren asmoa, eta proiekzioen ostean gogoetarako espazioa uztea.

Ikasleak helburu

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ez dago ikus-entzunezko komunikazioko gradurik, eta herrialdean soilik Nafarroako Unibertsitatean egin daitezke ikasketa horiek. Dena den, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua egin daiteke euskaraz. Go! egitasmoa, hain zuzen, bereziki gradu horietako ikasleei zuzenduta dago. «Nafarroako Unibertsitateko ikasleen lanak, adibidez, Nafarroako Museoan aurkezten ohi dituzte; baina ez da areto komertzial batean aurkeztea bezala. Hemen mugitu egin behar duzu, kezkatu, eta gurekin hitz egin. Asko ikas dezakete ikasleek prozesu horretan», nabarmendu du San Julianek.

Ikasturtea hasi berri dute unibertsitateetan, eta Golem zinemetako arduradunen asmoa da zinemaren eta ikus-entzunezkoen esparruan ari diren ikasleak «aktibatzea», beren lanak Go! egitasmora aurkez ditzaten. Proiektuak bide luzea eginen duela espero dute antolatzaileek: «Beti izanen dira ikasle eta zinemagile hasi berriak beren lanak erakusteko zain. Beraz, lanean jarraituko dugu».