Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida hasi bezperan, Madrilen, Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboko buruzagia entzun ahal izan zen Espainiako Auzitegi Gorenean. Fiskal nagusiaren aurkako auzian egindako adierazpenek beste behin ere agerian utzi zuten ikertzaile nagusiak, ustez inpartziala izan behar lukeen horrek, interes politiko ilunen arabera jokatzen duela. Ustekaberik ez. Euskal Herrian aspaldidanik da ezaguna halakoen eragin ahalmena, eta oraingo gertaerek gogorarazi baino ez dute egin aktibo dirautela.
Bost hilabete iragan dira UCOren txostenak lurrikara politikoa eragin zuenetik Nafarroan, baina bi egunotako eztabaidan argi geratu da egoera irauli dela. Oraingoz, ez Belateko tuneletan ez beste adjudikazioetan ez da topatu legez kanpoko esku hartzerik, eta hala gobernuko bazkideen nola EH Bilduren arteko konfiantza ez da pitzatu. Seguru dagoelako itxuraz mintzatu da Maria Txibite lehendakaria. Haatik, UPNko Javier Esparzak zalantzaren kea zabaldu zuen ostegun arratsaldean. «Ziurtatu al dezakezu Santos Cerdanek ez diola Koldori audio batean esaten ‘Belatekoa egina dago’?». Esparza itxurakeriatan al dabil?, ala kartak markatuak ditu? UCOren mehatxua hauspotu du, aurkariei zalantzaren harra piztu nahirik.