Irunberriko arroila

Ibilgailua Irunberriko arroilaren atarian dagoen ordainpeko aparkalekuan utzi, eta haren ondoan den bide asfaltatuan barna egingo ditugu lehen urratsak. Berehala, iturria duen atsedenleku txiki baten ondoan, ezkerrera ateratzen den xendatik gorantz egingo dugu SL NA-113ari dagozkion bide seinale zuri-berdeei jarraituz. Gure ezkerrera zereal lurrak dira nagusi, baina berehala ezpel, abaritz eta beste zenbait espezieren artean marrazten den xendan murgildu eta poliki-poliki altuera irabazten hasiko gara. Zenbait tartetan bidea estutu arren, ez dugu Leireko mendilerroaren ikuspegia galduko. Metro batzuk gorago pista zabal batekin egingo dugu topo.

Leku horretan xenda desagertu egiten da, eta harrizko pistan barna bete beharko dugu hurrengo tartea. Denbora gutxi beharko dugu Alzuetako bordaren ondora iristeko, eta, gure eskuineko bidea utziz, aurrera segituko dugu marka zuri-berdeek erakusten diguten bidetik. Metro batzuk aurrerago egurrezko bide seinale batek eskuinera zuzentzen den lurrezko pistatik jaistera gonbidatuko gaitu. Berriro harrizko pista batera aterako gara, eta hari segituko diogu beste seinale batekin topo egin arte. Hemen ikuspegia aldatu egiten da, bidelagun izan dugun Leireko mendilerroa desagertu eta Irati ibaiak bustitzen dituen lurrak azalduko zaizkigu. Leku horretan ibai aldera jaisten den xendari helduko diogu, eta konturatu orduko Iratiko tren zaharraren bidean izango gara.

Iratiko trenak 1911ko apirilaren 23an egin zuen lehen bidaia. Penintsulako lehen tren elektrikoa izan zen, eta Europako lehenengotakoa. 1906an Domingo Elizondok El Irati enpresa sortu zuen izen bera duen basoetako egurra ustiatzeko asmoz, Agoitzeraino almadien bidez jaitsi eta handik tren elektriko baten bidez egurra Iruñerako eramateko. Hasieran, El Irati enpresaren egurra Agoiztik Iruñera garraiatzeko sortu bazen ere (30 kilometro), berehala luzatu zuten Irunberrira, eta, gero, Zangozaraino. Ia lau milioi eta erdi pezetako aurrekontua izan zuen trenbide horrek, eta 58 kilometroko luzera. Proiektua Carlos Laffitte Donostiako ingeniariak egin zuen. Trenak Irunberriko arroila zeharkatzen zuen, eta, horretarako, bi tunel zulatu behar izan zituzten. 50.000 tonako merkantziaz gain, 250.000 bidaiari garraiatzen zituen urtero. Txartelak 8,25 pezeta balio zuen, eta ibilbide osoa egiteko bi ordu eta laurden behar zituen. Nafarroako industrializazio prozesuan garrantzi handia izan zuen. Errepideetako garraioen konpetentziak  Iratiko trenaren amaiera ekarri zuen, 1955eko abenduaren 31n.

Irati ibaiaren paraleloan doan bidetik tren zaharrak arroilan sartzeko gurutzatzen zuen lehen tunelaren ondora iritsiko gara, baina beste aldera pasatu aurretik Deabruaren zubira gerturatuko gara. Horretarako ezkerreko bidexka hartuko dugu eta, kontu handiz ibiliz, zubiaren ondora helduko gara. Bidea oso estua baita, eta komeni da erne ibiltzea. Tunelera itzuli, eta, zubi honen jatorriari buruz panel batean kontatzen den historia irakurri ondoren, tunelean sartuko gara. 206 metro luze da. Berehala arroilaren barru aldean izango gara, eta hemen ikuspegia erabat aldatuko da. Harresi naturalez inguraturik, ingurune basatian murgilduko gara.

Nafarroako Gobernuak natura erreserba izendatu zuen 1987an; 40 hektareako eremu bat hartzen du, eta bertako pareta bertikaletan sai arren kolonia bat ikusteko aukera izango dugu eta beste zenbait hegaztiren bizilekuak. Arroila kilometro bat luze da gutxi gorabehera, eta Irati ibaiak erditik zeharkatzen du. Merezi du bidearen zati hau lasai egitea eta, ahal izanez gero, prismatikoak eramatea, bertako fauna gertuagotik ikusteko. Inguruaz gozatu ostean, ibaiaren paraleloan doan antzinako trenbidetik aurrera egingo dugu argiztatu gabeko bigarren tunelaren ondora iristeko. Honek 167 metroko luzera du, eta hura zeharkatuz atsedenlekuan izango gara. Zintzurra freskatu eta aparkalekuraino falta diren metroak beteko ditugu.