Industria babesteko Txinarekin merkataritza harreman «bidezkoa» aldarrikatu dute Jauregik eta Irujok

Industria babesteko Txinarekin merkataritza harreman «bidezkoa» aldarrikatu dute Jauregik eta Irujok

«Irujo-Jauregi, pilota partida dirudi». Txantxa horrekin abiatu du Pili Kaltzada aurkezleak Mikel Irujo eta Mikel Jauregiren arteko solasaldia. Enpresabidea agerkari digitalak gonbidatuta, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako Industria sailetako agintariak sektorearen erronkez aritu dira euskaraz solasean, galderaz galdera, tantoz tanto. Bat egin dute diagnostikoan: Hego Euskal Herriko industriak dinamismo handia badu ere, arrisku nagusietakoa Txinaren lehia da eta horregatik merkataritza harreman «bidezkoa» aldarrikatu dute. «Txina munduko fabrika da. Gosea dute eta mundua irentsi nahi dute. Horretarako kapazitatea dute, baina baita gogoa ere. Egiten dutena sinesten dute», aipatu du Irujok.

CEIN Nafarroako enpresen eta berrikuntzaren zentroaren egoitzan izan da solasaldia, Noainen (Elortzibar, Nafarroa). Aurretik, sozietate publiko horretako zuzendari Uxue Itoizek egin du aurkezpena, eta minutu batzuez Nafarroako hiru ekintzaileren testigantzak entzun dira —hala nola, Xabier Leonardo Zaindariko zuzendari nagusia, Mieke Iriarte Torredonez ardotegiko sortzailea, eta Onintza Sayar NNBIko operazio zuzendariak—, Maitane Bueno Laboral Kutxako Nafarroako eskualdeetako zuzendariarekin batera. Hasi eta buka, euskaraz egin dute.

«Txina munduko fabrika da. Gosea dute eta mundua irentsi nahi dute. Horretarako kapazitatea dute, baina baita gogoa ere. Egiten dutena sinesten dute»

MIKEL IRUJO Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria

Euren mintzaldian, Hego Euskal Herriko industriak «dinamismo handia» duela azpimarratu badute ere, ezin direla lo geratu uste dute sailburuak zein kontseilariak. Horren adibide gisa, iragan astean Maria Txibite lehendakariarekin Txinara egindako bidaian, bertatik bertara ikusi ahal izan zuen kilometro luzerako bateria fabrika bat. «Ezerezetik hiru urtean fabrika erraldoi bat eraiki eta hura abiarazteko gai dira». Irujoren arabera, bizkortasun hori giltzarri da eta Nafarroako industria legearen proiektuan txertatu dute irizpide hori.  

Jauregik 1980ko hamarkadaren antzekotasunak antzematen dizkio egungo egoerari. Nahiz eta garai hartako krisirik ez den antzematen, autogintzako osagai hornitzaileen sektorea edo altzairugintza «triste» antzematen ditu. Hala, etorkizunera begira, eraldatu ezean Euskal Herria «industria basamortu» bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du. «Zarauztarra izanik, badatorkigun olatuan ez bagara sartzen, gainetik pasatuko zaigu».

«Kuadrilla handitu»

Bere esanetan, baina, iraganeko errezetek ez dute guztiz balio eta egungo errealitatera egokitu behar dira. Alegia, iraganean, enpresen arteko lankidetza harreman sareek (klusterrak) balio izan zuten, eta orain «kuadrilla horiek handitu egin behar dira», Jauregiren esanetan. Horretarako «formula berriak eta proiektu eraldatzaileak» aldarrikatu ditu, industria egitasmoak finantzaketa iturriekin eta ikerketa zientifikoarekin elkar lotuz.  «Ekintzaileek garrantzi handia dute. Elkar hartze horretatik txinpartak sortu eta hortik atera daiteke gure industria berria». 

Irujoren arabera, Nafarroako ekintzailetzak «osasun ona» dauka. Nahiz eta sisteman sartzen diren enpresen jarduera tasa apala izan, sortzen diren horien kontsolidazio tasa «Europako handienetarikoa» da; hots, 42 hilabete baino gehiago irauten dute enpresa askok. «Gure ekintzaileak segurolak direla esan ohi dugu. Kostatzen zaie sartzea, baina behin pausoa emanda aurrera doaz kasuen %82».Hori guztia, industriaren ekosistema oso batekin lotu du.

«Txinatarrek esan ohi dute harresi bat jarri ezean ez dutela hemen fabrikarik jarriko. Gu gara dena irekita nahi dugun azken erromantikoak»

MIKEL JAUREGI Industria kontseilaria

Dena den, Euskal Herriaren txikitasunetik, aurrean dauden arriskuez eta aukerez hitz egin dute Irujok zein Jauregik. Eta guztien artean herrialde bat nabarmentzen da: Txina. Irujok gogora ekarri du Txinaren jauzi teknologikoaren abiapuntua izan zela Europako enpresen ezagutza eta teknologia baliatzen jakitea: «Hemen kexuka ibiltzen gara, baina know how hori (ezagutza eta esperientzia) dugu, ahalmena dugu, ekintzaileak ditugu, baina beharbada ez dugu haiek bezala sinesten eta hori ere garrantzitsua da».

Datorren astean, Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua Bruselan izango dira beste hamabost eskualderekin batera industria babesteko eskatzen. Ildo horretako neurri sorta bat aurkeztekoa da Europako Batzordea abenduan bertan. Jauregiren arabera, beharrezkoa da Europako Batasunetik kanpoko inbertsioei derrigortzea euren produktuen zati bat Europako osagaiekin eta teknologiarekin egin dezaten. «Hona inbertitzera datozenean, esan ohi dute harresi bat jarri ezean ez dutela fabrikarik jarriko. Gu gara dena irekita nahi dugun azken erromantikoak». 

Bi gobernuek lankidetza hitzarmena berritu dute, baina «gehiago» egin daitekeela uste du Jauregik. Irujok gogora ekarri du Akitania Berriarekin batera osatutako euroeskualdearen barruan jada badagoela elkarlana, baina bien arteko harremana areagotu egin beharko litzatekeela onartu du. «Errealitate ekonomikoak eta sozialak partekatzen ditugu».