Lodosan, Sesman, Arroitzen, Vianan… Nafarroako hamaika herritan sortu dituzte biometanizazio planten kontrako plataformak azken hilabeteotan, tokian tokiko proiektuei aurre egiteko asmoz. Angela Marin Vianako taldeko kidea da. Plataformen artean sare moduko bat badela azaldu du, eta indarrak batzearen alde agertu da. Garbi erran du kezkak eta haserreak eraman dituela antolatzera: «Kezkatuta gaude, biometanizazio planta batek gure inguruan izan dezakeen eragina dela eta; eta haserre, enpresak dena isilpean egin duelako. Nafarroako Aldizkari Ofizialean atera zenean izan genuen gure herriko proiektuaren berri», salatu du.
B.power Gen enpresak sustatu du Vianako egitasmoa. Zehazki, urtean 124.500 tona hondakin tratatzeko planta bat egin nahi dute. Uztailean egin zuten proiektua jendaurrean aurkezteko urratsa, eta Vianako plataformak ia lau mila alegazio aurkeztu zizkion. «Inguruko herrietan ere jendea anitz mugitu da gure alde; ondoko udal batzuek ere aurkeztu dituzte alegazioak», kontatu du Marinek. Errioxako Ardoa sor-markak ere egin du berea. Vianan ekoizten duten ardoa sor-marka horren barruan dago, eta, Marinek azaldu duenez, biometanizazio planta eginez gero, sor-markako nekazariek ez dute nahi handik aterako den ongarririk beren lurretan.
«Kezkatuta gaude, plantak gure inguruan izan dezakeen eragina dela eta; eta haserre, enpresak dena isilpean egin duelako»
ANGELA MARIN Vianako biometanizazio plantaren aurkako plataformako kidea
Biometanizazio plantek sortzen duten digestatoak herriko lurretan eta akuiferoetan sor dezakeen kutsadurak kezkatzen ditu Vianako herritarrak. Kamioi handien joan-etorriak eta plantara ekarriko dituzten hondakinen garraioak ere bai. «Hemen ez dugu etxalderik. Planta handi bat egin nahi dute, helburu bakarra lortzeko: gasa sortu eta negozioa egitea», erantsi du Marinek.
«Adi» segituko dute
Vianako plataformako kideek uste dute Nafarroako Parlamentuak ingurumenean eragina duten aktibitateak arautzen dituen 17/2020 legean egindako aldaketa ez dela nahikoa, eta Nafarroak behar duela mahai gainean dauden proiektuak gelditzea eta herrialdeko beharretara egokitutako plan bat egitea, «lurraldearen orekari eusteko». Marinek azpimarratu du «adi» egongo direla aurrerantzean ere.
Garbi du mobilizazioak indarra egiteko balio izan duela, herritarren presioak eraman baitu Vianako Udala hango proiektuaren aurka lerratzera. Kezkak eta haserreak gora egin du herrian azken hilabeteotan; herritarrek informazioa jaso dute plataformaren eta Sustrai Erakuntza fundazioaren gisako erakundeen bidez, eta ozen erran dute ez dutela biometanizazio plantarik nahi. «Kolore guztietako herritarrek egin dugu bat plataforman. Ia denok gaude proiektuaren aurka», berretsi du Marinek.
