Gobernuko bazkideek eta EH Bilduk erantzukizun politikoak hartzeko eskatu diote PSNri

Gobernuko bazkideek eta EH Bilduk erantzukizun politikoak hartzeko eskatu diote PSNri

Belateko tunelen obrak, azkenik, pitzadura handi bat sortu du Nafarroako Gobernu barruan. Kontu Hartzaile Nagusiak ondorioztatu du herri lan horretan izandako zortzi milioi euroko gainkostuetatik 6,2 milioi ez daudela behar bezala arrazoituta. Ondorio nagusi horren larritasuna ikusirik, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak kontuak eskatu dizkiote PSNri, eta, EH BIldurekin batera, erantzukizun politikoak hartzea galdegin diote. Sozialisten azalpenek ez dituzte alderdiak asebete.

Arratsaldean, 16:00etan, Nafarroako Gobernuko hiru bazkideak parlamentuaren egoitzan bildu dira. Krisiaren tamainaren adierazle, talde bakoitzak goi ordezkaritza bidali du: PSNren izenean, Maria Txibite gobernuko lehendakaria, Felix Taberna lehendakariordea, Esther Iso Antolamendu idazkaria eta Ainhoa Unzu eleduna; Geroa Bairen izenean, Ana Ollo lehendakariorde bigarrena, Unai Hualde Parlamentuko presidentea, Uxue Barkos senataria eta Pablo Azkona zein Blanca Regulez parlamentariak; Zurekin Nafarroaren izenean, Carlos Guzman eta Miguel Garrido legebiltzarkideak eta Eneko Larrarte Tuterako hautetsia.

Belateko tunelaren lanak Acciona, Oses eta Servinabarren arteko aldi baterako enpresa esleitu zitzaion, 76 milioi euroko eskaintza irabazle atera baitzen. Cerdan auzian ikertutako bi enpresa izanik tartean, uneotan parlamentuko ikerketa batzordea adjudikazio prozesua aztertzen ari da xehe-xehe, kontratazio mahai barruan tirabira handiak izan baitziren.

«Beharrezkoa da azalpen guztiak ematea gobernuko bazkideen arteko konfiantza berrezarri dadin»

PABLO AZKONA Geroa Baiko eleduna

Haatik, behin tuneleko lanak hasita, Accionak eta Osesek —Servinabar elkartetik kanporatua izan da— arrazoitu zuten 8,5 milioi euroko gainkostuak zituela. Kostuen igoera %10etik gorakoa zenez, prozedura bat ireki da: Uztailean, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen zuzendaritzak bere egin zituen argudioak eta tramitera onartu zuen kostu igoera. Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak urrian onartu zuen gainkostu horiek «ustekabeen ondorio» zirela.

Haatik, orain Kontu Hartzailetza nagusiak txosten batean hankaz gora jarri du gobernuaren eta enpresen tesia, eta ondorioztatu du hasierako aurrekontuan izandako aldaketak ez diola erantzuten ustekabeko nondik norakoei, baizik eta enpresen «komenigarritasun eta oportunitate arrazoiengatik» gertatua zirela. Orotara, 6,2 milioi eurora arteko igoera jarri du zalantzan.

Geroa Bai, haserre

Goizean, Parlamentuko Eledunen batzordean, Geroa Bai oso kezkatuta azaldu da alde handia dagoelako kontu hartzaileak eta Lurralde Kohesioko departamentuak dioenaren artean. Txostenak dioena goitik behera aintzat hartzeko eskatu dio PSNk zuzentzen duen gobernuko sail horri. Zalantzen jakitun, UPNk Geroa Bai xaxatu du: «Geroa Bairen adierazpenekin puru bat erreko du PSNk. Hark dioenak ez duenez ondoriorik, iseka egiten diote». Azkonak erantzun du ez dela UPNren eta PPren jokoan sartuko.

Haatik, arratsaldeko bileran sozialisten azalpenek ez dute asebete Geroa Bai. Lehenik eta behin, azaldu diote zergatik gobernuak onetsi zuen enpresa elkarteak proposatutako %10etik gorako kostu igoera. «Bigarrenik, jakin nahiko genuke kontseilariak zergatik ez zuen egia esan aldaketa horiek azaltzeko orduan», aipatu du Pablo Azkonak. Berretsi du neurriak hartzeko eta ardurak hartzeko exijitu diotela PSNri. «Lehendakariak eta PSNk egin dizkiguten proposamenek ez gaituzte inondik ere asebete». 

Geroa Baik egindako proposamena aztertuko duela esan die PSNk. Gobernua hautsiko ote den galdetuta, Geroa Baik ez du ezezko irmorik eman: «Gure eskakizunei erantzun arte itxaron egingo dugu». Azkonak gaineratu du bazkideei eta herritarrei azalpen osoago bat zor diela gobernuak «konfiantza berrezarri dadin».

«Defendatzen dugu ezin dela euro bakar bat ere ordaindu Kontu Hartzailetza nagusiak benetan aitortutakoak baino» 

EH Bildu 

Ildo beretik jo du Zurekin Nafarroako Miguel Garrido. Bere esanetan, intentsitate handiko bilkura izan da eta sozialistek haien eskaerei erantzutea nahi dute. «Espero dugu gobernuak eta lehendakariak erantzun irmo bat ematea eta gardentasunez jokatzea». 

Bilera hasi aurretik, EH Bilduk larritzat jo du kontu hartzailearen txostenak dioena, eta argi utzi du ezin dela hark dioena baino «euro bat gehiago» ordaindu. «Izan ere, bestela, prebarikazio delitu argia egin daiteke, bai eta Ogasun Publikoarentzat ageriko kaltea ere. Hori ondasun publikoak bidegabe erabiltzearen beste delitu bat izan daiteke, funts publikoak bidegabe erabiltzearen ondorioz. Eta, batez ere, funts publikoen kudeaketa gardena, egokia eta bidezkoa defendatzea dagokigu, herritar guztienak baitira». 

Zer dioen txostenak

Zehazki herri lanaren hiru atal jarri ditu auzitan. Batetik, tunela sostengatzen duen armadura sarean eta hura estaltzen duen hormigoi lodieran, aldaketa batzuk planteatu zituen enpresa elkarteak, eta ondorioz 4,5 milioi handitzen zen kostu igoera. Herri Lanen Zuzendaritzak arrazoitu zuen aldaketa hori gobernuko meatze atalak ezarritako baldintzak betetzeko zela, baina orain Kontu Hartzailetza nagusiak ukatu egin du hori. Bere esanetan, Meatze atalaren eskakizunetako batek ere ez du hori agintzen.

Bigarrenik, tunela zulatzerakoan, bi metodo proposatu zituen enpresak bere proiektuan. Bata, tarterik zailenetan erabiltzeko (%30ean), bestea gainerakoan (%70ean). Meatze Atalak ontzat jo zuen, baina ehuneko tarte zaileneterako %40ra arteko erabilera proposatu zuen. Azkenik, eskakizun hori jaso aurretik, enpresak erabaki zuen tarte zailenetarako metodoa baliatzea tunel osoan, ezustekoak argudiatuta. Kontu Hartzaileak dio aldaketa hori ez dela irizpide teknikoen araberakoa izan, komenigarritasunaren araberako baizik. Eta enpresak hasieratik hori proposatu izan balu beste puntuazio bat izan zezakeela. Haren arabera, zulatze metodo horrekin lau milioi euro aurreztu dezake enpresak eta gobernuak 1,2 milioi euro galdu. Hor «kontraesana» dagoela nabarmendu du.  

Hirugarrenik,  hasierako proiektuan enpresa elkarteak proposatu zuen tunela zulatzeko erabilitako lehergaia haien kontura zihoala. Lehergaia biltegiratzeko toki txikiak ezartzea proposatu zuen ere, eta proposamen tekniko ekonomiko hori interesgarritzat jo zuen kontratazio mahaiak. «Pentsa liteke eskaintza lehiakorragoa izan zela horregatik, beste enpresek tamaina handiagoko biltegiratzeak proposatu zituztelako», dio kontu hartzaileak.

Santos Cerdan, berriro ere senatuan

PPk eskatuta, abenduaren 17an, Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkaria berriro Espainiako Senatuko ikerketa batzordera joango da, auziari buruzko azalpenak ematera. Aurretik ere Senatuan izan zen, eta bere defentsa eskubidea arrazoituta, azalpen gutxi eman zituen Cerdanek. Espetxetik atera ostean, gaur lehen aldiz Tafallako Auzitegitik pasa da, eta esan du behar den unean azalpenak emango dituela.