Duela urtebete, Eguberrien atarian, BSH Alemaniako taldeak ordezkari bat bidali zuen Ezkirozko lantokira langileei ikatz beltza banatu eta oso modu krudel eta hotzean fabrika sei hilabeteren buruan itxiko zutela jakinaraztera. Aurten, Damoklesen ezpata hori buru gainean zutela, langileek beste irtenbide batzuk bilatu dituzte, eta, zenbaitetan itxaropena piztu bada ere, azkenik BSHk birrindu egin du. Urte amaieran ateak itxiko ditu betiko Nafarroako industriaren ikur izan den lantokiak. Nafarroako industriak aspaldian jasotako kolperik handiena izan da, itxierarekin batera 609 langile kaleratu baititu.
Urte hasieran, langileen batzordeak jakinarazi zuen taldeak Herbehereetako aholkularitza etxe bat kontratatu zuela fabrika «osorik edo partzialki» berrindustrializatzeko aukerak azter zitzan. Ekainean ateak ixteko asmoak zituela jakinik, esperantza apur bat piztu zuen berriak. Dena den, enpresak berak atzerako kontaketa ezarria zuenez, malgutasun eta denbora gehiago emateko eskatu zioten BSHri langileek eta gobernuek. Gainera, Espainiako eta Nafarroako gobernuekin baizik ez zen bildu taldea, eta langileen batzordearen gaineko betoa kentzeko ere exijitu zioten. Ez ziren fidatzen: 2018an Gasteizko SDA Factory saldu egin zuen «euro baten truke», eta 2021ean Ezkirozko fabrika saltzen ere ahalegindu zen.
Langileek eginahalak eta bi egin zituzten multinazionalaren borondatea aldatzeko. Fabrika barruan protestak eta blokeoak egin zituzten, Nafarroako industriaren aldeko hiru manifestazio erraldoi antolatu zituzten Iruñean, euren mezua Europako Parlamenturaino eraman zuten. Nafarroako Gobernuak bat egin zuen langileen mezuarekin, eta salatu zuen enpresak ez duela egoki jokatu. «Inoiz ez dugu onartuko haren erabakia. Prozesua gaizki kudeatzen ari da. Guk elkarrizketan aritzea eskaini genion, beste enpresa guztiekin egin bezala. Ez genuen espero egin duten hori egitea. Denbora zegoen ongi antolatzeko alde sozialarekin, eta gradualki ikusteko zer irtenbide eman han lan egiten duten 650 pertsonei», esan zuen Mikel Irujo Industria kontseilariak maiatzean.
Azkenean, baina, atzerako kontaketa amaitu zen, eta ez zegoen fabrika erosteko eskaintzarik mahai gainean. «Ni oso higatuta nago. Prozesua oso gogorra da, eta jendea emozionalki gainezka dago, harrituta, atsekabetuta. Psikologikoki azpiak jaten dizkizu itxiera prozesu honek, eta jendeak elementu ziurren bat izan nahi du», adierazi zion BERRIAri Juanjo Hermoso de Mendoza langileen batzordeko presidenteak.
Fabrika ixtera kondenatuta, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen negoziazioak hasi ziren zuzendaritzaren eta langileen artean, Irurtzunen. Hilabeteko negoziazioaren ostean, 609 langile kaleratzeko baldintzak adostu zituzten UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuetako hamabi ordezkariek —LAB eta ELAko bost ordezkariek kontra bozkatu zuten—. 55 urtetik beherako langileek 45 eguneko kalte ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko, eta 1.500 euroko diru saria ere kobratuko dute antzinatasun urte bakoitzeko. 55 eta 63 urte arteko langileek erretiro aurreratua izango dute —soldataren %70 jasota—, eta lan hitzarmenean zehaztutako kotizazioak ordaindu beharko ditu enpresak. 49 lanpostu espedientetik kanpo geratu ziren, eta 46ri beste lantokietan ezartzeko aukera eman zien. Azkenik, langileen %78k baldintza horiek onetsi zituzten.
Bertze kaleratzeak
BSHko langileak ez dira aurten ataka txarrean egon diren bakarrak; hamaika gatazkak egin dute eztanda, eta enpresa bateko eta bertzeko langileak aritu dira karrikan protesta egiten. Horietako batzuk, ordea, BSHkoak bezala, lanik gabe geratu dira.
Altsasuko Sunsundeguiko langileek apirilaren 1ean jakin zuten enpresa likidatuko zutela zorrei aurre egiterik ez zuelako. Autobusentzako karrozerien egilea azaroan sartu zen hartzekodunen konkurtsoan; enpresa hartuko zuen inbertsiogile baten zain egon dira beharginak, baina ez da agertu. «Egun, hogei bat langile gelditzen dira lanean, azken hiru autobusak egiten. 320 langile behin betiko kaleratze aginduaren zain gaude», erran zuen Rita Torrico elektrikariak, ekainean, orriotan.
Tueran ere izan dira kaleratzeak aurten. «Maiatzaren 27an, denok kalera». Horrela laburbildu zuen Jesus Perezek Tuterako Nano Automotive enpresaren itxiera; 2021eko uztailean hartzekodunen konkurtsoan sartu zen lantegia, baina, azken orduko akordio bati esker, enpresa salbatu egin zen. Ez da gauza bera gertatu oraingoan: otsailean, Nano Automotivek iragarri zuen ateak itxiko zituela, eta langileek maiatzaren 27a izan zuten azken lan eguna. 110 langile ari ziren fabrikan, eta denak gelditu ziren kale gorrian.
nafarroako Industria legeak aurrera egin du
Legealdi honetan, Nafarroako Gobernuaren lege proiekturik garrantzitsuenetakoa izango da industriarena. Iaztik Industriaren Mahaia behin baino gehiagotan elkartu da lege horren edukia eztabaidatzeko, eta aurten legeari buruzko dokumentua findu dute sektoreko eragileek. Zehazki, hirurehun ekarpenetik gora egin dituzte, eta horietatik %33 aintzat hartu ditu Nafarroako Gobernuak. Irailean hirugarren zirriborroa aurkeztu zuen. Helburua da esparru juridiko egonkor bat ezartzea industria gai izan dadin etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Udazkenean lege proiektua parlamentura heltzea espero bazen ere, oraindik ez du onartu gobernuak.
