Azaroak txapeldun berri bat eman dio Nafarroako bertsolaritzari: Nafarroa Arenan egindako finalean, Xabat Illarregik jantzi zuen txapela, lehendabiziko aldiz, buruz burukoan Joanes Illarregi anaiarekin aritu eta gero. Haien gibeletik sailkatu ziren Saioa Alkaiza, Julio Soto, Eneko Lazkoz, Sarai Robles, Ekhiñe Zapiain eta Eki Mateorena. Zortziak ariko dira Bertsolari Txapelketa Nagusian, datorren urtean. Xabat Illarregik 1.205 puntu batu zituen denera.
24 bertsolari aritu dira aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta denera zortzi saio egin. Estreinako aldiz, Los Arcosen antolatu dute aurten txapelketako kanporaketa bat. Urriaren 4an Auritzen egindako saioa izan zen lehendabizikoa, eta Iruñeko Nafarroa Arenakoa azkena. Aurten lehen aldiz egin dute finala pabiloi horretan. Euskal Herriko finala ere han eginen dute, 2026ko abenduaren 20an.
Saioa Alkaiza bertsolaria hirugarren sailkatu zen azaroaren 29ko finalean, Illarregi anaien atzetik. Oholtzan lanean segitzen du, eta oholtzatik at ere ari da bidea egiten. Irailaren 10ean, Elkar argitaletxeak iragarri zuen Alkaizak irabazi zuela Igartza literatur sariketaren 28. aldia, Katu ileak txandaletan izeneko nobela proiektuagatik. Irailaren 13an, baina, Alkaizak uko egin zion sariari —10.000 euroko laguntzari eta eleberria argitaratzeko aukerari—. Argi adierazi zuen zergatia, komunikatu batean: «Palestinar herriaren kontra gauzatzen ari diren genozidioan CAFek duen inplikazioa salatzeko, uko egiten diot Igartza sariari».
Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak antolatzen dute saria, eta, hain zuzen, azken hori da finantzatzaile nagusietako bat. BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak nazioarteko taldeak «txalotu eta eskertu» egin zuen Alkaizaren erabakia.
Alkaizak bere erabakiaren berri eman eta gero, Elkar argitaletxeak ezagutarazi zuen Igartza beka bertan behera utziko zuela. Ohar labur baten bidez eman zuen albistea argitaletxeak berak, eta hartutako erabakia zuzenean lotu zuen Palestinako gatazkarekin. «Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren testuinguruan, Elkar argitaletxeak erabaki du Beasaingo Udalak, CAFek eta argitaletxeak berak antolatzen duten Igartza bekarekin ez jarraitzea, eta beka bertan behera geratuko da».
Hatortxu Rock jaialdiaren azken aldia, uztailean, Lakuntzan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Bada aurten bertan behera gelditu den bertze egitasmorik: Hatortxu jaialdiak uztailean egindakoa izan du azken aldia . Beriain mendiaren magalean agurtu zuten Hatortxu, lau egunez Lakuntzan 30. eta azken aldiaz disfrutatu ondoren. Hamaika taldek parte hartu zuten. Etxera lelopean egindako ekitaldi nazionalean, antolatzaileek gogora ekarri zuten milaka lagunek musu truk eginiko lanari esker izan duela festibalak 26 urteko bidea. Aldarri nagusia, berriz, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldekoa izan zen: «Presoak etxean nahi ditugu, baina baldintza duinetan; etxebizitza, lana eta osasuna bermatuta».
Abenduaren 27an, Aske
Hatortxu Rock amaitu da, baina bertze jaialdi batek hartuko du haren lekukoa, abenduaren 27tik aurrera: Aske izeneko festibala eginen dute Atarrabian, estreinakoz, «askatasunaren alde» lanean jarraitzeko. Hatortxuren azken aldian jakinarazi zuten, hain zuzen, lekukoa Aske musika jaialdiak hartuko zuela. Hatortxu Rockek bere funtzioa bete duela berretsi zuten antolatzaileek, baina iragarri jaialdi berriaren bidez «askatasunaren alde» lanean jarraituko dutela: «Eskuz esku, txandaz txanda saretu eta indartzen den herri honen indarrak egingo duelako posible askatasuna. Aske izateko jaio garenak aske izan gaitezen».
Absoluzioa Lizarrako musikarientzat
Lizarrako Raimundo el Canastero musika taldeko kideen kontrako auzibidea helmugara ailegatu zen irailean: absolbitu egin zituzten musikariak. 2024ko Lizarrako festetan du sorburua prozesuak. Lizarrako Udalak erabaki zuen txosnak tokiz aldatzea, baita peña bati festetan izan ohi zuen tokia hartzea debekatu ere. Erabaki horien kontra kritika ugari izan ziren herrian, eta haietako bat izan zen Raimundo el Canasterokoen Beef D’Alda kantua ere. Lizarrako UPNk taldearen kontrako salaketa jarri zuen. Epaileak ebatzi zuen, ordea, abestian Lizarrako alkate Maria Ruiz de Aldari (UPN) buruz esandakoak ez direla delituak.
