Zaharrak berri; 2025ean ere, etxebizitzaren auzia izan da arazo nagusietako bat Nafarroan. Elga Molina duela urtebete ailegatu zen Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zuzendaritza Nagusira, eta hasieratik argi izan du helburua: merkatuko tentsioa arintzea eta etxebizitza eskuragarri egitea. Hasieran jarritako helburuetako batzuk lortu ditu Molinak: tentsio handiko eremuak izendatzea, Etxebizitza Ordainerraza Izateko Eskubideari Buruzko 9/2025 Legea, etxejabe handien erregistroa… «Aurrerantzean, joan beharko dugu horiek gauzatzen eta hezurmamitzen. 2026. urtean are emaitza gehiago ikusiko ditugu», erran zuen irailean, BERRIAn egindako elkarrizketa batean.
Nafarroako Gobernua ari da neurriak hartzen, baina urrats horiek ez dute lortu kale gorrian diren anitzen egunerokoa arintzea. Nafarroan anitz dira karrikan bizi direnak, eta gazte migratzaileak dira haietako asko. Elkarri Laguntza eta gisako bertze hainbat eragilek behin eta berriz salatu dute gazteon egoera «larria» dela, eta konponbideak eskatu administrazioari.
Uztailean gertatutako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea, Zizur Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Etxebizitzaren auziari aurre egiteko, baina, konponbide magikorik ez da. Egiturazkoa da arazoa, eta, neurri jakinak ez ezik, ereduari eraginen dioten pausoak ere behar dira. Indarkeria matxistaren auziak ere horixe eskatzen du: egiturazkoa den bazterketa bati errotik aurre egitea. Indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu, eta gogorrena erakutsi zuen uztailean, Zizur Nagusian: ustez, 85 urteko gizon batek 78 urteko emaztea hil zuen. Gizonezkoa espetxeratzeko agindu zuten berehala. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatuta, elkarretaratzea egin zuten Zizur Nagusian, hilketa salatzeko eta familiari eta lagunei babesa adierazteko.
Monumentua eta Aroztegia
Gizartearen arloan, bertze hainbat auzik piztu dute eztabaida eta sortu dute zalaparta herritarren artean. Batetik, Iruñeko Erorien Monumentuak. Iazko azaroan, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik akordio bat sinatu zuten eraikinari bertze erranahi bat emateko. Asmoa zen sinbologia frankista duten arkitektura elementuak eraistea, kupula ezkutatzea, eta memoria demokratikoaren zentro bat sortzea. Hamaika elkarte memorialistak hasieratik bat egin zuten asmo horren kontra, eta, aurten karrikan antolatu dituzten protestetan, egin dituzten batzarretan eta abarretan, berretsi dute Erorien Monumentua erastea nahi dutela. Azaroan manifestazio bat antolatu zuten Iruñean, eta atzera egiteko eskatu zieten akordioaren sinatzaileei.
Erorien Monumentua bota dezatela eskatzen duten elkarteek Nafarroako Administrazio Auzitegian errekurtso bat jarria dute mausoleo frankista eraberritzeko proiektuaren kontra, eta, azaroko manifestazioan iragarri zutenez, beste bat jartzeko asmoa zuten: «Bidea ez da amaitu».
Aroztegiko auzipetuen aldeko manifestazioa, otsailean, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Bertzetik, Aroztegiko zazpi auzipetuen kontrako epaiketa salatzeko, hamaika protesta egin dituzte Baztanen eta Iruñean. Maiatzaren 23an, sententziaren zain gelditu zen auzia. Epaiketan, fiskaltzak eta akusazioak «talde kriminal antolatuaren» hipotesiari eutsi zioten, eta hogei urteren kartzela zigorrak eskatu zituzten guztira. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen.
Irailean plazaratu zuten Aroztegiko auziaren epaia: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuenez, auzipetuek ez zuten kartzelara joan beharko, eta guztiek isunak ordaindu beharko dituzte: protestetan identifikatu zituzten aldien araberako isuna izanen da, gehienez 9.900 eurokoa. Epaiaren arabera, zazpi auzipetuek obrak gelditu zituzten, eta langileen lana oztopatu, eta, hortaz, derrigortze delitua egotzi zieten; baina ez dago froga nahikorik «talde kriminal bat» zirela ondorioztatzeko.
Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu zuen epaiak «argi-ilun» anitz zituela: «Argi erran nahi dugu: desobedientzia zibila ez da delitua!».
