Isilik, baina aurrera doa Nafarroako Foru Hobekuntzaren eguneratzea aztertzen ari den lantaldea. Gaur goizean parlamentuan izan dira Manuel Piquer CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko presidentea eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Lehenak elkarrizketa soziala defenditu du eta hura estatusean jasotzeko eskatu du. Gaubekak, berriz, euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatu dadila galdegin die parlamentariei.
1982an onartu zen Foru Hobekuntza, eta bi ezaugarri izan zituen: negoziazio politikoetatik kanpo utzi ziren garaiko alderdi abertzaleak eta amaieran ez zen erreferendumik egin. Geroztik, bi aldaketa txiki egin zaizkio eta horregatik, Nafarroako estatus juridiko politikoa gaur egungo errealitatera egokitzeko eta sakon berritzea aztertzeko asmoz, lantaldea osatu zen parlamentuan 2023ko udazkenean.
Bi urteotan, 25 aditu eta eragile iragan dira parlamentuko lantaldetik, eta Nafarroako lege nagusiaren makina bat ertzi heldu diote. Aztergai nagusietako bat, hain justu, euskara izan da. Foru Hobekuntzak ez du euskara berezko hizkuntzatzat jotzen, eta euskara soilik eremu euskaldunean izango dela ofiziala aipatzen du —1982an erredaktatu zenez, egungo zonifikazioaren zutarria da; 1986ko Euskararen legearen aurrekaria, alegia—.
Hasteko, Gaubekak eskatu die parlamentariei Foru Hobekuntzan jaso dadila euskara hizkuntza propioa dela, hizkuntz gutxitua duten erkidegoetako estatutu guztiek egiten duten gisan. UPNk aukera horri atea ireki dionez, galdera zuzendu dio: «Prest leudeke hori jasotzeko? Ez soilik jasotzeari begira, baizik eta garrantzitsua izan daitekeelako Senatuan negoziatzen ari diren legediei begira». Zehaztu duenez, lege eta arau horiek estatutuetako hizkuntza propioez mintzo dira, eta horregatik beharrezko litzateke Foru Hobekuntzak euskara ere aipatzea. «Parlamentu honi eskatzen diogu euskarari balioa ematea zehar-lerrotasun batetik».
Alta, Gaubekak batik bat aldarrikatu du euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzea, eta hori ez egin izanaren «ondorio, oztopo eta mugak» aipatu ditu. Bere esanetan, euskara lurralde osoan ofiziala ez izateak «ezintasunak» eragiten ditu. Kasurako, eremu euskalduneko herritar batek baimen bat euskaraz eskatu eta foruzainak gazteleraz egin behar duela erantzun, bere lanpostua eremu mistokoa delako.
Partaide kopurua. Lantaldea entzuketa prozesuan murgilduta dago. Orain arte 25 aditu pasa dira lantaldetik, eta ekainera bitarte, beste hogei pasako dira (45 guztira, beraz). Tartean daude Patxi Bera Arartekoa; Xabier Alkuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea; Jose Manuel Romeo CCOOko idazkari nagusia; Patxi Zabaleta eta Juan Cruz Alli parlamentari ohiak…
Era berean, azpimarratu du gaur egungo egoerak herritarren artean «berdintasun eza» eragiten duela. Batetik, zerbitzu publikoak Iruñean zentralizatuta izateak muga ugari eragiten ditu egunerokoan zein komunikazioan. Adibide gisa jarri du osasungintzan, neurologia atalean, 86 urteko nafar bat testa gazteleraz egitera behartu ztuela, beretzat diagnostiko egokia egiteko aukera bakarra euskaraz egitea zenean. Bestetik, egungo egoerak ondorio sozioekonomikoak dituela ere gogora ekarri du. Bilbon edo Bartzelonan, enpresak behartuta daude zerbitzuak elebitan eskaintzera; Iruñean eta Nafarroako zatirik handienean, aldiz, ez.
Hori amaitzeko bermea ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzea litzatekeela uste du. Gaubekaren arabera, ofizialtasuna «ezin da erabilera sozialari eta ezagutza tasei lotuta» egon. «Ezin dira hizkuntza eskubideak bermatu hiztun kopuruaren arabera. Batetik, ikusi dugulako baldintzatuta gaudela erabiltzeko. Bestetik, zer pentsatuko genuke, bestelako politikak ezartzerakoan, emakume kopurua edo LGTBIko herritarren kopurua neurtuko bagenitu?». Ez du zentzuzkotzat jotzen euskarari irizpide hori ezartzea.
Aldiz, UPNko eta PSNko ordezkariek uste dute errealitate soziolinguistikoa aintzat hartu behar dela —PPko eta Voxeko parlamentariek ez dute agerraldia jarraitu—-. UPNko Marta Alvarezek enpatia eskatu du euskara ez dakien «gehiengo handi horrentzat». Alderdiak euskara lurraldeko berezko hizkuntzatzat duela aipatu du, eta administrazioko lanpostuak «hiztunen ehunekoaren arabera» ezartzea onetsi du. PSNko Arantxa Biurrunek, berriz, gogora ekarri du ez dagoela gaur egun gehiengorik ofizialtasuna ezartzeko.
EH BIlduko Adolfo Araizek muga politiko hori dagoela onartu du: «Saiatzen ari gara hori gainditzen». Geroa Baik ere aitortu du zaila izango dela zoritxarrez hori aldatzea, baina gutxienez berezko hizkuntzatzat hartzearen alde egin du.
CEN eta elkarrizketa soziala
Ordubete lehenago, Manuel Piquerrek CEN patronalaren ikuspegia azaldu du. Bere esanetan, Foru Hobekuntzak «marko egonkorra» eman dio Nafarroari eta aldaketa oro «erantzukizunez eta adostasun handienarekin egin behar» dela defenditu du. Patronalaren, UGT eta CCOO sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarrizketa soziala defenditu du, eta «oso beharrezkotzat jo du kontsentsuaren eredua».
Erreformari begira, CENen lehentasun estrategikoak aipatu ditu. Alde batetik, bere ustez, Foru Hobekuntza «palanka bat» izan behar du enpresek azpiegitura modernoak izan ditzaten. «Autogobernuak proiektuak planifikatzea ahalbidetzen du eta azpiegitura bat egiteko aukera galtzen den bakoitzean aukera galdu bat da». Bestetik, zerga autonomia enpresen lehiakortasuna hobetzeko erabili behar dela nabarmendu du, «eta ez soilik dirua biltzeko».
