OANA Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren aurkako Bulegoak ikertu egingo du UPNk jarritako salaketa. Juan Luis Sanchez de Muniain UPNko parlamentariak gaur arratsaldean ezagutzera eman duenez, Sendaviva parkearen lanak zatitu egin ziren, administrazio prozedura laburtu bidez egin zedin adjudikazioa. OANAk «egiazkotasun zantzuak» ikusi dizkio salaketari. «Administrazio prozedura batean izandako balizko irregulartasunen eta ustelkeria kasu posible baten aurrean egon gaitezke», adierazi du Sanchez de Muniainek.
OANAren jakinarazpena jaso, eta premiazko prentsaurrekora deitu du UPNk. Sendaviva parkea Bardeatik gertu dago, Arguedasen (Nafarroa). 2022ko ekainaren 18an piztutako sute batek nabarmen kaltetu zuen, eta urtebete geroago, 2023ko udazkenean, konponketa lanei ekin zien jabeak, Parque de Naturaleza de Navarra SA sozietateak. Enpresa horren %45aren partaidetza du Nafarroako Gobernuak.
200.000 euroko langa
Parkea berritzeko lanak bost kontratutan zatitu zituen Parquenasak, hilabete bateko tartean —2023ko azaroaren 20an eta abenduaren 20an—: etxaldea eta gune ludikoak; plaza; sarbidea; eraikin nagusia; eta parke barruko zerbitzu bideak. Lehen laurak Adentro Construimos Sozietate Mugatuari adjudikatu zizkion eta bosgarrena Tradeo SMri. Adentroren kontratuak 197.200 euro eta 198.650 euro artekoak dira, eta Tradeorena, berriz, 156.000 eurokoa. Hau da, kontratu bakar batek ere ez du 200.000 euroko langa gainditzen.
Izan ere, Kontratu Publikoen foru legeko 80. artikuluak behartzen du muga hori gainditzen duten lanak lehiaketa publiko bidez egitera. Aldiz, korpuru hori baino txikiagoko kontratuak direnean, prozedura laburtu bidez egin daiteke, eta hori «susmagarritzat» jo zuen UPNk. «Prozedura ireki batean lehiaketa publiko bat egin behar da, eta edozein enpresa aurkez daiteke bertan lehia askean; alderantziz, prozedura laburtuan kontratatzaileak nahi dituen enpresak gonbidatu ditzake, eta hortik aurrera eskaintzak baloratu», azaldu du Sanchez de Muniainek.
UPNri bidalitako ebazpenean, OANAk adierazi du sumatzen duela bost lanen artean «lotura bat» dagoela, eta lanen kontratuak bereizita aurkeztuta, administrazio prozedura laburtu bat egitea bilatu dela. Alta, Sanchez de Muniainek iragarri du beste irregulartasun posible batzuk ere atzeman dituela bulegoak. Batetik, aurrekontuz kanpoko lau gastu ordaindu zaizkio enpresari; orotara, 70.000 eurokoak. Gastu horiek ez dira arrazoitu, eta, ordainketa bakoitza 16.000 euro ingurukoa denez, gastu gehigarria aintzat hartuta 200.000 euroko langatik gora legoke Adentro eraikuntza enpresa. «Aurrekontuz kanpoko lan horiek hasierako proiektuan gehitu izan balira, ezingo zen prozedura laburtu bidez egin, eta irekian egitera behartuta leudeke».
Bestetik, UPNren arabera, OANAk zehaztu du Parquenasako gerentea arduratu dela lizitazioaz, eskaintzak baloratzeaz eta adjudikazioaz. Gainera, lanen zuzendaritza enpresa beraren esku utzi zen, eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak bidalitako informazioan ez da zehaztu zer prozedura jarraitu zen horretarako. Sanchez de Muniainen arabera, Rebeca Esnaola Kultur kontseilariari eragiten dio kasuak.
Iruñeko 5. instrukzio epaitegiko magistratuak Vox eskuin muturreko taldearen salaketa bat tramitera onartu zuen ostiralean. UPNk zehaztu du nahiago izan duela Nafarroan kontratazio publikoan izan daitezkeen arau hausteak detektatzeko bidea hartu, eta OANAren aurrean salatu. Behin espedientea irekita, Ustelkariaren aurkako Bulegoak instruktore bat izendatuko du.
