Igande gauean istripua izan zuten bi trenek Adamuzen, Kordoban (Espainia). Azken datuen arabera, gutxienez berrogeita bat pertsona hil ziren, baina Andaluziako 112 larrialdi zerbitzuko iturrien arabera, litekeena da gehiago ere izatea, bidaiari ugari desagertu baitziren istripuan. Horietako bat, hain zuzen, 78 urteko emakume nafar bat da: Maria Luisa Eugi.
78 urteko iruindarra da Eugi, eta Diario de Navarra egunkariak jakinarazi duenez, abiadura handiko bi trenetako batean zihoan ezbeharra gertatu zenean: Huelvarako bidean zen, hain zuzen. Izan ere, Madrilen bizi da Eugi, eta senide batzuk bisitatzera zihoan. Berripaperaren arabera, Opus Deiko kide numerarioa da desagertutako emakumea, eta Israelen bizi izan da hainbat urtez, ordena horretako familien artean «formakuntza lanak» egiten.
