Egungo aurrekontua halako bi. Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuen ustez, Nafarroako Gobernuak ia bikoiztu egin beharko luke hezkuntza publikoan inbertitzen duen dirua, sektoreak gaur egun dituen erronkei behar bezala erantzun ahal izateko. Sindikatuok elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean, Hezkuntzaren Nazioarteko Egunaren karira.
Protestaldian azaldu dutenez, NBE Nazio Batuen Erakundeak 2018. urtean sortu zuen efemeride hori, «kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa» lortzeko helburuarekin. Orduko hartan, gomendio bat ere egin zien gobernu eta administrazioei: euren Barne Produktu Gordinaren %6 inbertitu zezatela hezkuntzan, gutxienez. Sindikatuen irudiko, baina, Nafarroa oso urrun dago helburu hori betetzetik: «Sinatu berri diren aurrekontuen arabera, BPGaren %3,61 inbertituko dute Hezkuntza Departamentuan 2026. urterako, aurreko urtean baino hiru hamarren gutxiago».
Inbertsio hori eginda, sindikatuek uste dute «ezinezkoa» izanen dela hezkuntza publikoak dituen erronkei aurre egitea. «Esate baterako, ikasturte honetan argi geratu da Lanbide Heziketaren lege berriaren eta LH dualaren ezarpena baliabide nahikorik gabe egin dela, eta, hori dela eta, irakasleen lan gainzama muturrera eraman dela».
Hezkuntza Departamentuak UGT eta ANPE sindikatuekin iaz sinatutako ituna ere kritikatu dute Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk, inbertsioa handitzeko neurri egokirik jasotzen ez zuela iritzita: «Hezkuntza Departamentuak bere burua zuritzeko egindako itun hutsala da, eta ez dago Lanbide Heziketara bideratutako inongo neurririk».
Horiek horrela, hezkuntza publikoaren aldeko «politika irmoak» galdegin dizkiote gobernuari, hala nola langile gehiago kontratatzea, zuzeneko irakaskuntza saioen kopurua murriztea, irakasleen erosahalmena berreskuratzeko inbertsioak egitea eta ratioen jaitsiera orokorra ezartzea.
