Nafarroan atzera bota dituzte zortzi haize errota proiektu, ingurumen inpaktuagatik

Nafarroan atzera bota dituzte zortzi haize errota proiektu, ingurumen inpaktuagatik

Enigma Green Power eta Savanna Power Solar enpresek egiteko asmoa zuten parke eolikoa atzera bota du Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendari nagusiak, haize errotek ingurumenean izango duten inpaktua dela eta. Gaur argitaratu dute ezezko hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta zehaztu dute ebazpen horri ezingo zaiola helegiterik jarri. Zortzi errota jarri nahi zituzten enpresek Goñin eta Etxaurin, 4,99 megawatteko potentziaduna bakoitza.

Haize errotek bertako faunan sortuko lituzketen kalteengatik bota dute atzera proiektua. Ebazpenaren arabera, «balio ekologiko handiko» lurrak dira, biodibertsitate handikoak. Hegazti eta saguzar espezie askorentzat da bereziki garrantzitsua inguru hori: miru gorriarentzat, sai arrearentzat eta ugatzentzat bereziki. Desagertze arriskuan daude espezie horiek. Ebazpenean azaldu dute kolisio arrisku handia dutela hegazti horiek, eta duten garrantzia ekologiko handia dela eta, errotak «bideraezinak» direla ondorioztatu dute. Enpresek neurri zuzentzaileak proposatu badituzte ere, administrazio publikoarentzat ez dira nahikoa.

Proiektua ez dago Natura 2000 Sarearen barneko espazio batean, baina bai Hegaztientzako Babes Bereziko Etxauriko Gunetik eta Kontserbazio Bereziko Urbasa eta Andiako Gunetik gertu. Hori dela eta, balio ekologiko handiko espazioen arteko konektagarritasunari kalte egingo liokete errotek.

Ingurumen organoaren arabera, inpaktuak pilatu egingo dira, are kalte handiagoa sortuz. Landarediari dagokionez, ondo kontserbatutako eta kalitate handiko espazio handi bat kaltetuko litzateke. Zehazki, bi hektarea pasatxo landaredi kaltetuko liratezke, tartean 1,4 hektarea pagadi.

Proiektua bertan behera geratzeko ezinbestekoak izan dira hainbat elkarte ekologistak, udaletxek eta norbanakok aurkeztutako 69 alegazioak.