Euskal Herria Batera-k Lizarran ospatuko du Aberri Eguna, martxoaren 28an

Euskal Herria Batera-k Lizarran ospatuko du Aberri Eguna, martxoaren 28an

Euskal Herria Batera herri ekinbideak Aberri Eguna ospatuko du martxoaren 28an, Lizarran (Nafarroa). Ohar bat kaleratu du zehaztasunak emateko, eta bertan esplikatu duenez, aurtengo ekitaldiaren helburua Aberri Egunaren instituzionalizazioan «jauzi baten beharra» partekatzea da. Hain justu, gogoeta prozesu baten barnean dira Euskal Herria Batera-ko kideak, eta hausarneketa aldi horri Lizarran emanen diote bukaera, solastatutako gai denak mahai gainera aterata. 

Eta hausnarketa hori gauzatu ahal izateko, «erronda bat» eginen dute Euskal Herriko eragile nagusiekin, finean, bilatzen duten instituzionalizazio hori lortzeko. Halaxe dio oharrak: «Bakoitzak Aberri Egunari balioa emanda hasten da instituzionalizazio hori, norbera parte aktiboa izanda». 

Lizarra ez da ausaz aukeratutako lekua izan. Aitzitik, efemeride urtea dela probestuta, 2026an Lizarra Hego Euskal Herriko hiriburu sentimentala eta udalerri erreferentziala izan dadin dute. Azaldu dute zergatia: «Aurtengo ospakizunean 150 urte beteko dira foruak abolitu zituztenetik, eta euskal pentsamendu nazionalean eklosioa ekarri zuen hark». Bertzalde, argudiatu dute Lizarra harrera eta babesleku izan zela urte luzez, eta bertan egin zirela abolizioaren ondorioei aurre egiteko «instituzionalizazio ahalegin politiko» anitz. 

Ekinbideak aitzinerago emanen ditu egunaren gaineko zehaztasunak, baina oharrean nabarmendu du ezinbertzekoa dela «nazio bat garela gogoratzea», eta egun nazional hori «elkarrekin» ospatu behar dela. Horregatik, azken dei bat egin die herritarrei: «Zer garen ospatzeko eta zer izan nahi dugun aldarrikatzeko garaia da».