Cristina Ibarrolak Nafarroako Gobernuko lehendakari izan nahi du, eta ez Iruñeko alkate. UPNko presidenteak bere hautagaitza aurkeztu du alderdiaren zerrendaburu izateko hurrengo foru hauteskundetan. Diario de Navarra egunkariak aurreratu du albistea eta hala baieztatu dute alderdiko iturriek.
Mugimendua esanguratsua da. 2024ko apirilean, UPNk Kongresua egin zuen garaian, Ibarrolak zioen bere asmoa zela Iruñeko Udala berriz berreskuratu eta alkatea izatea. Promes horrek agerian utzi zuen Iruñeko alkate izateko asmoa zuela. Hilabete batzuk lehenago Iruñeko Udalean izandako zentsura mozioa oso gertu zuen Ibarrolak.
Orain, baina, erabaki du Nafarroako Parlamenturako bozetako zerrendaburu izan nahi duela. Ikusiko da lehiakiderik izango ote duen. Iragan astelehenean, alderdiak otsailaren 10era arteko epea ireki zuen hautagaitzak aurkezteko. Hala balitz, otsailaren 13an egingo den Kontseilu Politikoak erabakiko du zerrendaburuaren izena. Hautagai bakarra balego ere, Kontseilu Politiko horrek izendatuko luke Cristina Ibarrola.
Zerrendaburuaz gain, bozetarako zerrendak prestatzen dabil UPNko hauteskunde zerrenden batzordea. Alderdiaren barne boterea kudeatzen duen organo hori kontrolatzen du Ibarrolak, baina bertan pultsua egin dio Alejandro Toquero Tuterako alkate eta UPNko presidenteordeak. Izan ere, berriki jakin denez, Toquerok eta Erriberako hautetsi batzuek nahi dute zerrenda horretako lehen postuetan ordezkariak izatea. Halaber, Espainako Gorteetarako bozetan, Senatuko zerrendaburua proposatu nahi dute.
Duela bi urteko alderdiaren kongresuan, Ibarrolak zein Toquerok hitzartu zuten euren arteko barne lehia alboratu eta alderdiaren erabaki organoak bien artean banatzea. Ibarrolak botere gehiago izan arren, Toquerok ere ordezkaritza du UPNko barne organo horietan. Bi urte geroago, bozetarako prestaketa betean, atzeratutako gatazka azaleratu egin da.
