Haur batek lo hartu zuen eskolatik etxera eramaten zuen autobusean, Beran (Nafarroa), iragan ostiralean. Mutila ez zen jaitsi zegokion geralekuan, eta autobusaren barruan jarraitu zuen garraio enpresaraino. Autobuseko gidariak salatu duenez, haurraren aitak ostiral gauean eraso egin zion enpresan bertan. Espainiako Guardia Zibila aita ikertzen ari da.
Autobus gidariak erasoaren berri eman zion Guardia Zibilari, eta guardia zibilak autobus enpresaren egoitzara joan ziren. Gidariak zauriak zituen eta anbulantzian eraman zuten Lesakako osasun etxera. Han aztertu eta gero, Irungo ospitalera (Gipuzkoa) eraman zuten, zauriak hobeto baloratzeko eta haien jarraipena egiteko. Berako Guardia Zibilak haurraren aita identifikatu zuen eta ikertzen ari da.
