Santos Cerdan, kontraerasoan. PSOEko Antolamendu idazkaria Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean izan da. Hasieratik adierazi du defentsarako eskubidearen izenean ez duela hitz egingo, baina ondoren ez da isildu. Ordubetez, tentsioz beteriko galdeketa egin dio UPNko Javier Esparzak, eta bere onura ekonomikorako Nafarroaren kaltetan aritzea eta komisioak kobratzea leporatu dio, beste gauzen artean. Cerdanek aurre egin die salaketa horiei eta bere errugabetasun presuntzioa aldarrikatu du. «Ez dut sekula zorrorik jarri dirurik hartzeko; zu, aldiz, ahalegindu zinen horretan», leporatu dio eta ondoren UPNk gobernua galdu izanagatik zigortu nahi duela azpimarratu du: «Hau ez da ikerketa batzorde bat, hau UPNren mendekurako batzordea da».
Bakarrik iritsi da parlamentura. Atarian, hamaika kazetari zituen zain, horietako batzuk Espainiatik etorriak. Ikusmin handieneko eguna izan da horregatik. Azken hamarkadan PSN barruko botere handiena izan duen agintari izandako bakarrik egin du batzorderainoko bide luzea. Bertan, lau ordu eta laurdenez izan da batzordean. Parlamentari guztiei erantzun die, PPkoei eta Voxekoei ezik. PPri errespetu falta leporatu dio eta Voxi ez dio erantzun eskuin muturreko eledun batek Senatuan esan zuelako egoera horretan dagoela «independentistekin negoziatzeagatik»
Hain zuzen ere, Esparzak galdetu dio ea zergatik «garai batean lausengatzen zuten [PSNko] parlamentariek» ez dioten harrerarik egin. «Ez zait arraro egin», onartu du Cerdanek, eta gaineratu du ekainetik ez duela Maria Txibiterekin ez beste buruzagi sozilalistekin hitz egin. Esparzak PSNko ekitaldi bateko argazkia erakutsi dio, guztiak berekin barrez agertzen direnekoa. «Ospakizunen bat izango zen. Nahi duzu nigarrez deitu zenidanekoaz hitz egitea?», erantzun dio. «Lan erreformaren bozketan bere alderdiko kideek egindako traizioagatik izan zen», argitu du aurrerago, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanerok 2022ko otsailean UPNren agintua bete ez zutenekoa gogoan.
«Servinabar ez da nire enpresa. Agiri hori ez zen Merkataritza Erregistroan aurkeztu, ez da notarioaren aurrean aurkeztu, ez du balio juridikorik»
SANTOS CERDAN PSOEko Antolakuntza idazkari ohia
Tonu horrek markatu du hasieratik Esparzaren eta Cerdanen arteko ika-mika. Ez da hor amaitu. iradoki du Esparza 1990eko hamarkadan UPNko hautetsi egin zela «Agoitzen futbol zelai bat egiteko» eta gero trukean Iruñeko ikastetxe pribatu batean lana topatu zuela.
Are akusazio larriago egin du gero Esparzaren aurka: 2014ean Nafarroako Ubidearen lehen faseko eremu ureztatuaren gaineko kontratazio prozesuan politikoki esku hartu nahi izatea leporatu dio. Nafarroako Kontuen Ganberak 2015eko txosten baten pasarte bat irakurri du, eta bertan adierazten da kontratazio mahaiaren autonomia baldintzatzen ahalegindu zela Landa Garapen departamentua, Esparza kontseilari zen garaian. «Hori izan zen politikoki esku hartu zen adjudikazioa, eta ez Belate».
Beste une batean aipatu du 30 urterako kontzesioaren kontratua izenpetu zuela Esparzak, «kontratu hori adjudikatu baino urtebete lehenago». Bere esanetan, OHL eta Agbar enpresek osatutako elkartean lan egiten zuen bere «aita ponte politikoak», Francisco Iribarren Nafarroako Gobernuko presidenteorde ohiak —Agbarreko zuzendari gisa—. «Nire moduan, politikoki hilda zaude», esan dio beste une batean.
Servinabarrekin lotura
UPNko parlamentaria oldartu egin zaio, eta «biktimarena» egitea leporatu dio Cerdani. Guardia Zibilak Antxon Alonso enpresaburuaren etxean egindako miaketan dokumentu bat agertu zen, eta Servinabar enpresaren %45eko partaidetza zuela aipatzen zen bertan. Datu hori giltzarri da auzian, eta erlazio hori frogatutzat jo du Esparzak. Cerdanek irmo ukatu du: «Servinabar ez da nire enpresa. Agiri hori ez zen Merkataritza Erregistroan aurkeztu, ez da notarioaren aurrean aurkeztu, ez du balio juridikorik», azpimarratu du eta UPNri gogorarazi dio hori ezin dela frogatutzat jo, epaiketan argitu beharko delako.
Gerora, EH Bilduko Adolfo Araizi argitu dio zeren karietara egin zen: «Egun haietan politika uztear izan nintzen, Alonsok partaidetza eskaini zidan, dokumentu hori egin genuen, handik egun batzuetara ezetz esan nion eta nire kopia suntsitu nuen», azaldu du. Bere esanetan, 2015eko foru hauteskundeetan oso emaitza txarrak izan zituen PSNk, eragin ahalmenik gabe geratu zen, eta porrot haren erantzule zen.
Cerdan, Parlamentuko ikerketa batzordea iristen, bakarrik. IÑIGO URIZ / FOKU
Guardia Zibilaren txostena aipatuz, Esparzak aipatu du Cerdanen senideak kontratatu zituela Servinabarrek eta Madrilen etxebizitza ordaindu ziola. «Delitua da jendea lanean izatea?», ihardetsi dio Cerdanek. Bere esanetan, urtebetez etxebizitza partekatu zuen Alonsorekin Madrilen, eta urtebetez ordaindu zion hark alokairua, baina gainerakoan berak ordaindu zuen. Aldiz, ukatu egin du Servinabarrek kreditu txartela eman ziola: «Gezurra da UCOk dioena», esan du eta gaineratu UPNri: «Berdin dizu zuri egiak. Ez dut loturarik Servinabarrekin, baina egiatzat hartzen duzu. Zure kontakizuna duzu eta horretarako eskubidea duzu, baina gezurra esaten ari zara. Frogatu, frogatu esaten duzun hori».
Esparzak ere itaunketarekin jarraitu du, eta gaineratu du zaila dela sinestea Espainian delitugile izatea, «eta Nafarroan santu» —Santosen abizenari erreferentzia eginez ere—. Bere ustez, Cerdanek N-121 errepideari buruz Espainiako eta Nafarroako Gobernuen arteko negoziazioetan parte hartu izana, «azeria oilategian sartzea izan da».
«Ez dute jakin nahi egia, zer gertatu den Belaterekin. Beste gauza bat bilatzen dute. UPNk mendekua bilatzen du ez zelako presidente izan»
SANTOS CERDAN PSOE Antolamendu idazkari ohia
Adierazpen hori ukatu du Cerdanek, eta gogora ekarri du finantzaketa hori lortzeko Madrilen konpromisoa lortzea erabakigarri izan zela, errepide horretako segurtasun baldintzak hobetzeko. «Orain kritikatu egiten dute bilkura horietan parte hartu izana, baina askotan estatuko aurrekontu orokorretan betidanik diputatu baten arrakasta edo porrota markatu du zenbat diru lortu duen Nafarroarentzat». Eta jarraian, erronka bota dio Esparzari: «Erakutsi froga bakar bat, mezu bakar bat non hitz egiten dudan Belateri buruz. Zure kontakizuna da baina gorroto didazu ez zarelako lehendakari niregatik».
Are: agerraldian atera denez, Cerdan Javier Esparzarekin eta Oscar Arizkuren UPNko idazkari ohiarekin bildu zen 2019an. Arizkuren 2022tik 2024ra bitartean Servinabarren lan egin zuen eta 50.000 euro jaso. Alta, Cerdanen arabera, bilkura hartan ez zuten hitz egin azpiegiturez, Nafarroaren egoera politikoaz baizik. EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek galdetu dio ea zer eskaini zion Esparzak bilkura hartan: «Gobernua osatzea eskaini zidan».
Jazarpen politikoa
Testuinguru politikoa oso presente egon da agerraldi osoan. Aurretik egin bezala, jazarpen politiko baten biktimatzat aurkeztu du bere burua Cerdanek. Esparzak berak gogorarazi dio EH Bildurekin negoziatu egin duela Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren osaerari buruz eta «Arnaldo Otegiren lagun» izatea aurpegiratu dio. «EH Bilduren eskutik, zuk bi aldiz lapurtu diguzu gobernua eta Iruñeko Udala eman diozu EH BIlduri, zure mesedetan». Salaketa horrek asaldura handia eragin du parlamentarien artean. Eta Cerdanek erantsi du «ETAren komodina» atera duela: «Zure burua agerian jarri duzu. Demokrazia lapurtu dugula diozu, zuk ez dakizu zer den demokrazia».
Senatuan egin bezala, Cerdanek azaldu du 2021ean bilkura bat egin zutela Cigarral de Santa Elenan (Toledo, Espainia) Ortega Smith Voxeko buruzagiak eta Guardia Zibilaren buruzagi nagusiek. Araizek galdetu dio EH Bildurekin eta Juntsekin negoziatu izan balu, ea tenore horretan aurkituko ote zen. «Ziurrenik ez», ihardetsi du. Bere ustez, bere aurkako jazarpen politikoa dago eta Guardia Zibilak txostena argitaratu baino «urtebete lehenago esaten zen Cerdanen aurkako txosten bat zegoela». Gero, iradoki du jazarpen horren helburu politikoa ez dela bera, Espainiako Gobernua eraistea baizik.
Cerdanen abokatuek Auzitegi Gorenean adituen txosten bat aurkeztu dute eta ondorioztatu Guardia Zibilak aurkeztutako audioak «manipulatu» direla. Cerdanek azaldu du audiioak grabatu osteko software bat erabili dela. «Elkarrizketa grabatu zirenean ez zen sofware hori sortu. Horrek erakusten du editatu egin zirela». Bere esanetan, hori erakutsiko luketen hainbat grabaketa daude.
Amaieran hitza hartu du berriz. «Agerian geratu da batzorde honen helburua zein den PP, Vox eta UPNren agerraldiko azken zatia entzunda. Ez dute jakin nahi egia, zer gertatu den Belaterekin. Beste gauza bat bilatzen dute. UPNk mendekua bilatzen du ez zelako presidente izan», esan du bere agerraldiaren amaieran.
