Ostiral gauean, UPNko Cristina Ibarrolak ohartarazi zuen «alderdi populistek» herritarren sumina profitatzeko arriskuaz, baina Ibarrolaren diskurtsoari kutsu populista antzeman dio EH Bilduk. «Diskurtsoak argi uzten du UPNk Trumpen politika Nafarroara ekarri nahi duela, horrek herritarrengan izango lituzkeen ondorioak axola gabe», gaitzetsi du.
UPNk herenegun Kontseilu Politikoa egin zuen eta bertan Ibarrola aukeratu zuten hurrengo foru hauteskundeetan lehendakarigai izateko. Bere mintzaldian, proposatu zuen zergak orokorki jaistea, Errenta Bermatuaren ereduarekin amaitzea, segurtasun neurriak handitzea kaleetan eta etxebizitza arloan jabego pribatua defenditzea, besteak beste. EH Bilduren arabera, diskurtso horrek agerian uzten du munduan nagusitzen ari den ultraeskuinaren «antz handia» hartzen ari dela UPN.
Halaber, koalizio abertzalearen ustez, argi geratzen da ere nafarrei konponbideak eskaintzeko ezintasuna duela alderdiak. 11 urte daramatza Nafarroako Gobernutik kanpo, «eta horrek oso eragin ona du nafarren ongizatean», EH Bilduren irudiko, «funtsezkoa» izan da alderdien artean lortutako akordioek eskubideetan aurrera egitea ahalbidetu dutela eta «eskuineko indarrei bidea ixteko» balio izan dutela.
EH Bilduk berretsi du orain arteko bidetik joateko borondate irmoa duela. «Erakutsi dugu EH Bilduk zenbat eta eragin handiagoa izan politika publikoetan, orduan eta gehiago hobetzen direla herritarren bizi-baldintzak. Eta, zalantzarik gabe, norabide horri jarraituko diogu, eskuindarrek ukatu nahi dituzten eskubide sozialak zabaltzeko lanean jarraitu».
