Berrogei urte beteko ditu aurten 1986ko Euskararen Legeak. Denbora horretan, araua bertan behera uztea edo moldatzea galdegin dute euskalgintzak eta zenbait sindikatuk eta talde politikok. Eragile horien irudiko, baina, Nafarroako Gobernuak kontrako bidea hartu du: «Legea hobetu beharrean, okertu egin dute», laburbildu du Euskaltzaleen Foroko ordezkari Fermintxo Zabaltzak. Zehazki, salatu dute iaz indarrean sartutako 97/2024 Foru Dekretuak —merezimenduen dekretu deritzonak, alegia— «zeharo murriztu» duela udalek lan deialdietan euskara baloratzeko duten gaitasuna. Hori dela eta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean. Euskaltzaleen Foroko kideek ez ezik, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek ere bat egin dute protestarekin.
«Berriki arte, eremu mistoko udalek nahi adina balora zezaketen euskararen ezagutza beren lan deialdietan: puntuazio osoaren %5, %10 eta gehiago baloratu izan dute, kasuan-kasuan. Hori dena bukatu da, merezimenduen dekretuak muga bat jarri duelako: araua indarrean sartu zenetik, udalek gehienez ere puntuazio osoaren %2,1 ematen ahal diote euskarari», esplikatu du Zabaltzak. Haren esanetan, eremu mistoko udalerriek «bostehun bat lan deialditan» hartu dute meritutzat euskara azken urteetan, «eta, horietan, %2 baino askoz puntu gehiago balio izan du euskara maila egiaztatzeak». Orain bide hori etenda dagoela salatu dute Euskaltzaleen Foroak eta sindikatuek, «eta ez epaileen erruz, baizik eta ustez aurrerakoia den gobernu honek sekulako erasoa egin diolako euskarari».
Fermintxo Zabaltza, Iruñeko elkarretaratzean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Talde politikoei kritika
Indar politiko abertzaleekin kritiko agertu da Zabaltza: «Badakite zer ari den gertatzen, baina badirudi beren estrategia politikoa dela honen inguruan isilik geratzea». Dekretua onartu berritan, EH Bildurekin eta Geroa Bairekin batzartu ziren foroko ordezkariak: «Eskatu genien, alde batetik, beren esku zegoen guztia egin zezatela egoera hau zuzentzeko, eta, bestetik, eremu mistoan dituzten udalerriek auzitara jo zezatela dekretuaren aurka». Mendigorriko Udala izan zen bide hori urratu zuen bakarra, baina epaileek bertan behera utzi dute errekurtsoa: «Zoritxarrez, Mendigorriko Udalaz beste inork ez zuen helegiterik aurkeztu, eta, ordutik, ez dugu indar politikoen erantzunik jaso. Urte honetan, oharkabean pasatu da kontua».
