Tantaka, baina aurrera doa. Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak jakitera eman dutenez, Nafarroako Gobernuak 1979tik 2009ra bitartean torturak jasan zituzten zortzi pertsona biktima gisa aitortu ditu. Bi erakundeok bildutako datuen arabera, gaur-gaurkoz gutxienez 109 herritarrek jaso dute aitortza hori, baina euren galbahetik pasa ez diren pertsona gehiago egon daitezke, erreparaziorako prozesua konfidentziala baita.
Estatuko segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeriaren biktimen 2019ko legearen bermepean egiten da prozedura. Adituz osatutako erreparazio batzorde batek aztertzen du kasu bakoitza: 2023ko urtarrilaren 20an ireki zen eskaerak egiteko epea eta 2027ko maiatzaren 20an itxiko da.
Orain aitortutakoen artean, belaunaldi desberdinetako pertsonak daude. Nahiz eta erreparaziorako prozesua guztiz konfidentziala den eta haien anonimotasuna gorde ohi den, zenbaitek euren izen-abizenak emateko baimena ematen dute. Izan ere, gizarteari bizi izandakoaren berri emateko garrantzitsutzat jotzen dute nortzuk izan diren identifikatzea.
Hala, hauek dira aitortutako biktimak. 1979an bahitu eta torturatu egin zuten Carlos Turunbai eta inoiz ez ziren identifikatu egileak. Tarsicio Rey, berriz, 1980an torturatu zuen Guardia Zibilak. Avelino Gonzalez ere 1983an torturatu egin zuten guardia zibilek. 1984ean, berriz, Koldobika Mikel eta Josu Rubio torturatu zituen Espainiako Poliziak.
Hamar urte geroago, Espainiako Poliziak torturatu egin zuen Jon Castañares. Xabier Sueskun bi aldiz torturatu zuen Espainiako Poliziak, 1995ean eta 1997an. Azkenik, Jon Ziriza 2009an atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak.
109 aitortza
Datu orokorrei begira, orain arte aitortutakoen artean, honako ezaugarriak betetzen dituzte: sei hildako; 76 torturatu; lesio fisiko eta psikologikoak jasandako hemeretzi pertsona; lesio fisikoak eta kalte materialak jasandako torturatu bat; kalte materialak jasandako beste bat; kalte materialak pairaturiko bi lagun; eta kalte materialak zein lesioak izan dituzten lau lagun.
Eskaerak egiteko epea amaitu ondotik, Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaritzak txosten bat argitaratuko du, eta bertan jasoko dira aitortutako giza eskubideen urraketak. Hala, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak bertan parte hartzera dei egin diete pertsona guztiei. «Izapideak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntza emateko prest gaudela berretsi nahi dugu».
