Euskararen eta euskaldunen aurkako eraso batek inauteriko ospakizunak eten zituen Orkoienen (Nafarroa), iragan larunbatean. Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak ohar bidez salatu duenez, euskararen aurkako «oihuak eta irainak» bota zituzten bizilagun batzuk, eta handik gutxira, giroa gaiztotzen ari zela ikusita, ospakizuna bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek: «Ekitaldi guztiak elebitan izan ziren, baina egunak aurrera egin ahala, tamalez, bizilagun batzuk euskararen aurkako oihuak eta irainak botatzen hasi ziren. Giroa ez zapuztearren, jendeak ez zien jaramonik egin baina elektrotxaranga jotzeko prestatzen hasi zenean oihuak eta irainak mehatxu eta jazarpen fisiko bihurtu ziren, eta antolatzaileek ospakizuna bertan behera uztea erabaki zuten», azaldu du taldeak.
Orkoiengo Euskaltzaleek elkartasuna adierazi diete herri inauterien antolatzaileei, elektrotxarangako kideei eta, oro har, «jazarpena bizi izan zuten guztiei», eta horrez gain, gogoeta egin dute, erasoaren inguruabarren harira.
Taldeko kidee ustez, inauterietan gertatutakoa «oso larria» da: «Euskarari eta, bereziki, gure herriko bizikidetzari eraso zuzena». Gisa horretako erasoak egiten dituztenei egotzi diete «liskarra baino ez» bilatzea, eta hortaz, uste dute inauterien antolatzaileek «bikain» jokatu zutela, egitaraua bertan behera utzita eta «probokazioetan erori gabe». Hala ere, uste dute erasoak ezin direla utzi erantzunik gabe: «Aitzitik, publikoki salatu eta zabaldu behar dira. Erantzun irmoa ematen ez badiegu, zer gertatuko da euskarak presentzia duen hurrengo ekitaldietan? Beldurrez egongo gara jarduerak elebitan egiten ditugunean? Jendeak parte hartzeari utziko dio erasoen beldur delako? Geure burua zentsuratu beharko dugu arazorik ez izateko?».
Larunbateko gertakariak «azken aldiko oldarraldi euskarafoboaren testuinguruan» kokatu ditu Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak, baina argi utzita euskara «aitzakia» baina ez zela izan, «beste askotan generoa, jatorria, sexualitatea edo azalaren kolorea diren bezala». Funtsean, larunbateko erasoa «bizikidetzaren, aniztasunaren eta askatasunaren aurkakoa» izan zela uste dute taldeko kideek: «Amorru eta tristura ikaragarria sentiarazten digu, XXI. mendean oraindik ere intolerantzia hau bizi behar dugulako».
Horregatik guztiagatik, euskara «eta oro har hizkuntzak, kulturak eta aniztasuna» zaintzeko deia egin dute Orkoiengo Euskaltzaleek, «elkar ulertzeko bideak baitira, gizarte bidezkoago eta hobe bat eraikitzeko».
