Egin daiteke herria mobilizazioen bidez, eta egin daiteke herria nork bere otorduetarako aukeratzen dituen produktuen bitartez. Hor jarri du arreta Errigorak aurtengo udaberriko Eskutik eskura kanpainan: gaur jarri dute abian, eta martxoaren 18ra arte egongo da zabalik eskaerak egiteko epea. Urtero bezala, Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko produktuz betetako saskiak jarriko dituzte salgai.
Euskaratik eta euskaraz egiten dute lan Errigoran, eta horrela eskaintzen dituzte produktuak ere: euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Halere, hizkuntzak ez ezik, «kontsumitzeko erak ere» egiten du herria, kanpainaren berri emateko zabaldu duten oharrean adierazi dutenez. Nabarmendu dute eguneroko hautuek badutela «zeresana», eta kontsumo ohiturak aldatzea beharrezkoa dela herriaren alde egiteko.
Ohi bezala, aurten ere urte guztirako eskaerak egitera bultzatu dituzte kontsumitzaileak. Oliba olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dute, eta gainontzeko produktuak, berriz, hamabi unitateko sortetan, arroz ekologikoa, ardo sortak eta arbendolak izan ezik; horiek sei unitateko sortetan banatuko dituzte. Halere, badira berrikuntzak: lehenengo aldiz, babarrun zuri eta pikillo piper ekologiko zatituak eskainiko dituzte, baita pasta sortak ere —400 gramoko paketeetan—. Bestalde, arbendolak bi motaren arabera banatuta eskainiko dituzte: txigortuak gatzarekin, batetik; eta naturalak, bestetik. Azkenik, ardoa sortetan banatuko bada ere, ekoizle bakoitzak barietatearen araberako eskaintza egingo du, eta Mendikoren bag-in-box delakoa eskainiko dute, bost litrokoa —ardoa poltsa batean sartuta egongo da, kartoizko kaxa batean—.
Aurtengo kanpainan, halaber, beste helburu bat ere badu Errigorak: kontsumitzaileen kontzientzian eragitea, hausnarketari bide emateko. Horretarako, emankizun formatu berezi bat sortu dute, Eragin saskiari! izenekoa. Asisko Urmeneta marrazkilariaren laguntzaz egingo dituzte emankizunak, hark «modu irudimentsu eta artistikoan» azalduko baitie ikusleei Errigoraren jatorria eta misioa. Azalpenaren ondoren, lekua egin nahi diote hausnarketa kolektiboari, «zergatik eragin behar dugu herritarrok gure elikaduran?» galderari erantzunez.
Saio horien ondoren, kontsumitzaileen iritzia aintzat hartuta, Errigorak plazaratu egingo ditu hausnarketa kolektibo horren ondorio nagusiak. Sei egun eta lekutan egingo dituzte emankizunak: martxoaren 3an, Galdakaon (Bizkaia); martxoaren 4an, Bilbon; martxoaren 11n, Iruñean; martxoaren 16an, Donapaleun (Nafarroa Beherea); eta martxoaren 18ko goizean Amurrion (Araba), eta arratsaldean Oiartzunen (Gipuzkoa).
Herritarrek bi modutara egin ahal izango dituzte eskaerak: batetik, online, errigora.eus webgunean; eta, bestetik, telefonoz, Hego Euskal Herritik (+34) 848-87 12 23 zenbakira eta Ipar Euskal Herritik (+33) 532-09 35 45 zenbakira deituz.
Ibilbide oparoa
2013an sortu zuten Errigora egitasmoa, eta, pixkanaka-pixkanaka, uzta oparoa biltzen ari da ordutik. Horren erakusgarri dira, hain justu, prentsa oharrean eman dituzten datuok: 2022an Nafarroan ekoitzitako oliba olio ekologikoaren %11 Errigoraren bidez merkaturatu zen, baita txitxirio ekologikoen %65 ere. Haien arabera, kopuru horiek argi adierazten dute «kontsumitzaile arduratsuen sareak» baduela garrantzia sektorean.
Ibilbide oparoaren adierazletzat jo dute, halaber, Eskutik eskura kanpainaren harira egindako eskaerak ugaritu izana azken urteetan; hainbeste, ezen batzuetan eskaintzen dituzten produktuak «eskas» geratzen baitira herritarren eskaria asetzeko. «Gabeziatzat» baino gehiago, ordea, erronkatzat daukate, ekoizpenaren alorrean «aurrerapausoak» emateko.
