Lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati, alabaordeari tratu txarrak emateagatik eta ukituak egiteagatik

Lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati, alabaordeari tratu txarrak emateagatik eta ukituak egiteagatik

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio 44 urteko gizon bati, haren bikotekidea zenaren alaba «jotzeagatik eta ukituak egiteagatik», Iruñean. Neskak 5 urte zituenean hasi zituen erasoak, eta 7 urte zituenean bukatu. Epaiak zehaztu du gizonaren erasoak ohikoak zirela: batzuetan gerrikoarekin jotzen zuen, besteetan eskuekin, eta zigortu egiten zuen. Neskarekin bakarrik zegoenean, ukituak egiten zizkion bagina inguruan.

Zigorra hitzartu egin dute fiskaltzak, akusazio partikularrak —Nafarroako Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentzia— eta defentsak. Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote 13 urtetik beherako adingabe bati sexu erasoa egiteagatik; sei hilabetekoa, berriz, ohiko tratu txarrengatik.

Neska Nafarroako Gobernuaren Behaketa eta Harrera Zentrora eraman zuten 2022an. 2024tik harrera familia batekin bizi da. Erasoek ondorio psikologikoak eragin dizkiote, antsietatea eta autoestima apala, esaterako.

Zigortuak, kartzelatik ateratakoan, zaintzapean egon beharko du bost urtean. Era berean, ezingo du harengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildui eta harekin harremanetan jarri. Bi mila euroko kalte ordaina eman beharko dio.