Nafarroako balorazio batzordeak estatuaren 65 biktima gehiago aitortu ditu azken urtean; gehienak, torturatuak

Nafarroako balorazio batzordeak estatuaren 65 biktima gehiago aitortu ditu azken urtean; gehienak, torturatuak

Nafarroako motibazio politikoko biktimen aitortza eta erreparaziorako batzordeak estatuaren eta eskuin muturraren 65 biktima aitortu zituen iaz, Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari eta batzorde hartako buruak jakinarazi duenez. Batzordeak, baina, badu lana oraindik ere, Zabalzak azaldu duenez, eskaera kopuruak gora egin baitu urtez urte. Oraingoz, 217 aitortza eskaera egin dituzte, eta horietatik 106k jaso dute aitortza.

Estatuaren biktimen aitortzarako 16/2019 foru legeak ezarri bezala, Zabalzak Nafarroako Parlamentuan aurkeztu du batzordearen urteko txostena. Eta hark emandako datuek iradokitzen dute balorazio batzordea biktimen konfiantza bereganatzen ari dela euren lanarekin. Izan ere, 2023an 50 aitortza eskaera jaso zituzten; 2024an, berriz, 75; eta iaz, 92.

Horiek hala, batzordea lanean ari da horietako bakoitza aztertu eta ebazteko. Memoria eta Bizikidetza zuzendariak azaldu duenez, taldeak bederatzi bilera egin zituen iaz, eta horietan 71 ebazpen eman zituzten: 65 kasutan aitortza eman zen, eta sei atzera bota zituzten. Aitortutakoen artean, 44 gizon eta 21 emakume daude. Horietako bat tiroz hil zuen zerbitzuz kanpo zegoen polizia batek. Gehienak (55), baina, torturaren biktimak dira, eta ia denak (52) inkomunikazio aldia ere pairatu zuten atxiloketan.

Gainerako kasuak kalte psikologiko, fisiko eta materialak pairatutako biktimak dira. Besteak beste, eskuin muturreko talde batek tiroz larri zauritutako lagun bat, Potasas enpresako lan gatazkan gomazko pilota batek begi bat gabe utzi zuen kide bat eta 1978ko sanferminetan tiroz zauritutako norbanako bat.

Aitortza ebazpenik jaso ez dutenei erreparatuz, berriz, Zabalzak azaldu du sei kasu horietatik lautan ez dela baieztatu «gertaeren eta eskatzaileak kontatutako kalteen arteko kausalitatea», eta beste bietan ebatzi zuten «adierazitako urraketek» ez zirela batzordearen aitortza jasotzeko adinakoak.

106 lagunek jaso dute aitortza: horietatik zazpi estatuko segurtasun indarrek hildakoak dira, 71 torturaren biktimak, eta gainerakoak kalte fisiko, psikologiko eta materialak pairatutakoak. Horien erreparazio ekonomikorako, Nafarroako Gobernuak 1.815.000 euro inguru baliatu ditu

Horrez gain, bederatzi prozesu eten egin dituzte behin-behinean. Zazpi kasutan, bestelako erakundeei egindako informazio eskaerak daude oinarrian. Beste bi espedienteei dagokienez, berriz, Auzitegi Nazionalean martxan den prozesu judizial bat izan da batzordearen lana etetea behartu duena. Zabalzak azaldu duenez, aitortza eskatzen den pertsonaren desagerpenaren inguruko auzia martxan da.

Irakurketa denboran zabalduz, batzordea eratu zenetik 106 lagunek jaso dute aitortza: horietatik zazpi estatuko segurtasun indarrek hildakoak dira, 71 torturaren biktimak, eta gainerakoak kalte fisiko, psikologiko eta materialak pairatutakoak. Horien erreparazio ekonomikorako, Nafarroako Gobernuak 1.815.000 euro inguru baliatu ditu. Era berean, oraindik 99 espediente geratzen zaizkie ebazteke: horietatik 64 jada tramitera onartu dituzte, eta 54 elkarrizketa ere egin dituzte.

UPN eta PP, legearen kontra

Batzordean, alderdien artean bi ildo nagusi azaleratu dira. Batetik, UPNk eta PPk ezbaian jarri dute batzordearen lana, eta estatuaren biktimak aitortzeko legearen kontra daudela adierazi dute. UPNko Isabel Olabek adierazi du eurek «indarkeria guztiak gaitzesten» dituztela, eta ondorioz, baita torturak eta tratu txarrak ere. Hortik aurrera, baina, ETAren indarkeriak pisu nabarmena hartu du haren hitzartzean, eta esan du 16/2019 legeak eta balorazio batzordearen lanak estatuaren eta ETAren biktimen arteko «desparekotasun» bat sustatzen duela, azken horien kaltetan, eta EH Bilduren «kontakizuna» hauspotzen duela. Argudio bezala, ukatu egin du Euskal Herrian tortura «sistematikoa» izan dela.

UPNk eta PPk erabilitako beste argudio bat izan da estatuaren biktimei ebazpen judizial bat baliatu gabe egiten zaiela aitortza, eta bi alderdi horiek ez daude ados. Hala adierazi du PPko Javier Garciak: «Uste dugu ezin dela biktima bat aitortu biktimarioa nor den zehaztu gabe. Errealitatea indargabetzen du, eta desparekotasunak sortu».

Gainerako alderdien kontrakotasuna soilik ez, Zabalzarena ere jaso dute bi ordezkari horiek. Balorazio batzordeko buruak gogoratu die, eurek aurkakoa adierazi arren, ETAren biktima gehienek ere administrazioaren bidetik jaso dutela aitortza, eta legearen kontra jartzea NBEren, Europako Batasunaren eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren irizpideen aurka jartzea dela, baita Espainiako eta Nafarroako legedien kontra ere. «Guk ez dugu kontakizunik egiten, guk giza eskubideen urraketen biktimak aitortzen ditugu», gaineratu du.

«Izebergaren punta»

Zabalzak hitz onak izan ditu gainerako alderdientzat, eta pozik azaldu da «gehiengo soziala» ordezkatzen dutenek batzordearen lana babesten dutelako. Hain zuzen, azken hamarkadetan jazotakoaren irakurketa ezberdinak egin badituzte ere, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek goraipatu egin dute lan hori. Hala nola, PSNko Javier Lekunberrik esan du «esparru demokratikoan emandako borrokatik» aldenduta eman ziren «gehiegikeria eta egoera zehatzak» eman zirela.

EH Bilduko Irati Jimenezek, aldiz, adierazi du orain arte argitutakoa «izebergaren punta» besterik ez dela, eta biktima kopurua «izugarria» dela: adibide gisa, aipatu du patroi argi bat dagoela tortura kasuetan, inkomunikazio aldiarena. Jimenezek gehitu du batzordea biktimen konfiantza eskuratzen ari dela, eta horregatik ari dela gora egiten eskaera kopurua. Bide horretan, Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen Sarea egiten ari diren lana ere eskertu du.

Nafarroako Gobernuak jada bi ekitaldi publiko egin ditu aitortutako biktima horiek omentzeko, eta Jimenezek Zabalzari galdetu dio ea beste bat egiteko asmoz den gobernua. Geroa Baiko Mikel Asiainek, berriz, urrats bat gehiago egiteko eskatu du: galdegin du ekitaldi hori Nafarroako Parlamentuan egitea. Argudiatu du halako ekitaldiak egin direla han ETAren eta frankismoaren biktimekin, eta gauza bera egin beharko litzatekeela estatuaren biktimekin ere.