M-8aren harira, «estereotipo sexistak apurtzera» deitu du Nafarroako Gobernuak

M-8aren harira, «estereotipo sexistak apurtzera» deitu du Nafarroako Gobernuak

Urra ditzagun estereotipoak, praktika dezagun berdintasuna. Horixe da Nafarroako Gobernuak aurtengo Martxoaren 8rako ondu duen proposamenaren leloa. Gaur goizean egin dute kanpainaren aurkezpena, eta azaldu dute haren helburua dela «desberdinkeria sostengatzen» duten eguneroko ekintzak eta joerak zalantzan jartzea.

Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Berdintasun Saileko kontseilari Javier Remirezek eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Patricia Abadek hitz egin dute goizeko aurkezpenean. «Pentsatu ohi dugu aurrerapauso handiak eman ditugula dagoeneko, baina datu batzuek adierazten dute oraindik ere bide luzea daukagula egiteko», azaldu du Remirezek.

Datu horietako bat da, adibidez, Nafarroako emakumeen %47rentzat «oso zaila eta neketsua» dela lana eta etxeko lanak kontziliatzea; gizonei galdera bera eginez gero, ordea, hala iritzi dioten gizonezkoak %30 dira. Hain justu, zaintza lanen banaketa desorekatua jarri dute kanpainaren erdigunean, eta «berdintasuna praktikan jartzeko» deia egin du Remirezek: «Ez da nahikoa ados egotea, beharrezkoa da urrats gehiago egitea eta berdintasunak leku bat izatea gure eguneroko bizitzan». Haren arabera, gizonak ez lirateke etxeko lanekin laguntzen duten «boluntarioak» izan beharko; kontrara, ardura beren gain hartu beharko lukete. Era berean, Abadek nabarmendu du «berdintasunak esfortzu indibidual eta kolektibo handia» exijitzen duela.

Berdintasunaren erakusleei dagokienez, baina, gizonen eta emakumeen ikuspuntuak eta bizipenak ez datoz bat. Remirezek jakinarazi duenez, «errealitatea oso desberdin» irakurtzen dute batzuek eta besteek. «Hamar gizonetik ia bederatzik uste dute emakumeek eta gizonek eskubide berak dituztela dagoeneko, baina hamar emakumetik zazpi eta erdik soilik iritzi diote horrela». 

«Auzi ideologikoa»

Kanpainaren ildoa azaltzeaz gainera, feminismoa eta berdintasuna «borroka politikorako» erabiltzen dituztenen aurka egin dute goizeko aurkezpenean. Remirezek eta Abadek salatu dute zenbaitek zalantzan jartzen dutela feminismoa beren interes politikoen mesedetan, eta nabarmendu dute berdintasuna ez dela «auzi ideologiko bat». Are, gaitzetsi egin dute indarkeria matxistaren existentzia bera ukatzea, eta joan den astean Sarrigurenen (Nafarroa) izandako hilketa matxista jarri dute adibidetzat.

Martxoaren 8aren harira, Nafarroako Gobernuak Berdinna saria banatuko du martxoaren 6an, eta martxoaren 8an bertan elkarretaratzea egingo du Nafarroako Jauregiaren aurrean. Horrez gain, mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetara batzeko deia egin du.