«Filmoteka baten helburua da zinemaren historian sortu diren altxorrak zaintzea»

«Filmoteka baten helburua da zinemaren historian sortu diren altxorrak zaintzea»

Iruñeko Gazteluko plazan, antzoki nagusi zaharrean, Alberto Duran izeneko gizon batek antolatu zuen Nafarroako lehen zinema saioa, 1896ko urriaren 24an. Lumiere anaiek lehen saioa egin eta urtebetera, Duranek mugitzen diren irudiak proiektatzeko aparatua aurkeztu zion jendeari, eta guztiz harrituta utzi zituen. 2021ean, Alberto Cañada Nafarroako Filmotekako arduradun ohiak (Iruñea, 1962) haren izenkideak 125 urte lehenago aurkeztu zituen irudi berberak proiektatu zituen: egun berean, ordu berean eta toki beretik ehun metrora. Cañada zinemazale amorratua izan da bizitza osoan, zazpigarren artea sakonki ikertu du, artxiboak zaintzeko prozesuan lan egin du, eta batez ere programazioa antolatu du. Hamabost urtez Nafarroako Filmotekako arduradun izan ondoren erretiratu da, eta lekukoa Julio Mazaricori pasatu dio, baina mugimenduan dauden irudien artea ikertzen jarraitzea du asmoa.

Zein da zure lehen oroitzapena zinema areto batean?

Gurasoekin marrazki bizidunak ikustera joaten nintzenekoa. Horiek dira ikusi nituen lehen filmak, baina horrek ez du esan nahi gogoratzen dudanik. Gogoratzen ditut nire eskolako aretoan jartzen zituzten filmak, haurrentzako saio bat egiten baitzuten igandero. 

Hor piztu zitzaizun zinemarako grina?

Ez, hori geroago gertatu zen. Iruñeko Lux zinema taldeko zuzendaria gure eskolara etorri zen 15 urte nituenean, eta estetika zinematografikoko ikastaroan izena ematera gonbidatu gintuen. Ikastaroa larunbat goizetan zen; film bat ikusten genuen, eta, gero, gure artean komentatzen genuen. Hortik aurrera ez nintzen inoiz zinemaren mundutik aldendu. Berehala hasi nintzen filmak aurkezten eta klubean parte hartzen.

Kazetaritza ikasi zenuen berez. Nola lotu zenuen zinemarekin?

Kazetaritza ikasi nuen idaztea gustatzen zitzaidalako; baina zinema ere maite nuen, eta biak lotu nahi nituen. Unibertsitateak akordio bat zuen Saide zinema enpresarekin, eta ikasleei sarrera batzuk ematen zizkieten zinemara doan joateko: beti borrokan ibiltzen ginen horiek lortzeko. Garai hartan hiru lagun Radio Navarra irratira joan ginen, eta galdetu genien ea zinema saio bat egin genezakeen. Zazpi urte egin genituen han.

Gogoan duzu nolakoa izan zen lehen saioa?

Bai. Oso beldurgarria izan zen. Lehenengo programa 1983ko azaroaren 14an egin genuen. Oso testu luzea prestatu nuen saioan irakurtzeko, orriak mahai gainean jarri eta gonbidatuak esan zidan: «Hori guztia irakurriko duzu?». Eta irakurri nuen, bai. Uste dut oso astuna izan zela entzuleentzat.

Zinema kritikaritzat duzu zeure burua?

Ez dut maite kritikari hitza; iritzi emailea nintzela esaten nuen nik, eta gaur egun ere erabiltzen dudan definizioa da. Asko gozatzen nuen pelikula batzuen astakeriak eta beste batzuen mirariak esaten. Baina, nor naiz ni hainbeste kostatu den ikus-entzunezko lan bat epaitzeko? Edozein filmen atzean denbora, dirua eta talentua dago. Uste dut Joseph L. Mankiewiczek esan zuela: «Bi urte behar dira film bat idazteko, bi hilabete filmatzeko, bi ordu ikusteko eta bi minutu kritikari batek suntsitzeko».

1991tik 2011ra Saideren komunikazio eta programazio sailean lan egin zenuen. Nola moldatzen zenuen ikuskizunen saila?

Askotan enpresa banatzaileek ezartzen dizute programazioa: Spiderman ekainaren 15ean estreinatzen bada, egun horretan bertan egon behar du aretoan. Baina nik berehala sortu nuen nire txokoa, eta zinema talde bat antolatu nuen Iruñeko Olite zinemetan: filmak jatorrizko bertsioan jartzen genituen, eta bazkideek parte hartzen zuten. 

«Nor naiz ni hainbeste kostatu den lan bat epaitzeko? Edozein filmen atzean denbora, dirua eta talentua dago» 

Nolakoak ziren enpresa banatzaileekin izandako elkarrizketa horiek?

Batzuetan negoziatu egin behar nuen, denek nahi baitzuten euren filma zinema areto jakin batzuetan estreinatzea. Lux zinema taldean nolabaiteko esperientzia nuen: zikloak antolatzen nituen, baita diru laguntza eskatu eta filmak aurkeztu ere. Banatzaileekin kontakturen bat banuen, baina Saiden sartzean aukera zabalagoa lortu nuen. Horrek asko erraztu dit ondorengo lana.

Nafarroako Filmotekako arduradun izendatu zintuzten 2011n. Nolakoa izan zen lehen eguna?

2011ko apirilaren 1ean hasi nintzen lanean, eta hurrengo egunean programatzen ari nintzen. Nafarroako museoan zikloak antolatu nituen aurretik, eta horietako bat Atik Zra zinema zen. Filmotekan egiten denaren oso antzekoa da; eraldatu egin nuen eta Ezinbesteko zinema deitu nion. Alfabetoari jarraitu beharrean, kronologikoki zinemaren historiako hamarkada bakoitzeko bi film aukeratzen nituen.

Zeintzuk ziren arduradun gisa zenituen helburu nagusiak?

Filmotekak oso presente izan behar du beti zinemaren historia. Proiektuaren buru den pertsonak zinemari buruzko ezagutza zabala izan behar du, eta ikuspegi orokorra izan behar du beti. Filmoteka baten helburua zinemaren historian sortu diren altxorrak zaintzea da.

Zinema ziklo bat programatzeko orduan, zinema komertzialaren eta ezezagunagoaren arteko oreka mantentzen saiatzen zinen?

Alde batetik, zinemak eman duen onena gogoratu eta aurkeztu behar da. Baina ikus-entzunezko lan desberdinak ere aurkeztu behar dira. Hitchcocken Vértigo pelikula programatzen baduzu, jendeak badaki zertara datorren, baina Marta Meszaros zinemagilearen film bat programatzen baduzu, agian ez. Publikoak asko eskertzen du istorioak kontatzeko beste modu bat aurkeztu izana; Filmotekara etortzen den jendea mugimenduan dauden irudiekin egindako istorioak ezagutzera etortzen da.

Tokian tokiko lanak askotan agertu izan dira programazioan, ezta?

Bai. Nafarroako zinemak bere lekua izan behar du Filmotekan, baita zaletasun gisa aritzen direnen lanek ere, garrantzitsua iruditzen zaidalako. Filmoteka ez da Nafarroako Gobernuarena, ezta liburutegiarena ere: nafarrena da. Mundu guztiak du atea jo eta bere lana ekartzeko eskubidea. Iristen den materialak kalitate pixka bat duen bitartean, bere lekua izango du programan. Nor naiz ni ezetz esateko?

Nafarroako liburutegiko artxiboan ere lan egin duzu. Zer aurkitu duzu bertan?

Nafarroako liburutegiko artxiboko lanik gehienak zaleenak dira: kopia bakarrak dira. Herriko besten pelikulak, sanferminena eta Iruñeko bideo zaharrak ere badaude. Material hauskorrak dira, eta zaintza berezia behar dute.

Zer sentitzen duzu horrelako lanak aurkitzean?

Indiana Jones bezala sentitzen naiz, altxor bat aurkitzea bezala da. Horregatik maite ditut hainbeste artxibo eta ikerketa lanak: inork begiratu ez duen lekuan begiratu behar da, edo zure begiradarekin ikertu.

«Ez dakit zinema aretoak iraganeko zerbaiten erakusgarri gisa geratuko ote diren; baliteke zinemara joatea urtean behin egiten den zerbait berezia izatea» 

Artxibo zaharretan murgildu zinen Iruñeko zinemak: 1940-1980 liburua idaztean?

Bai. Iruñean pelikulak proiektatzen zituzten lekuen kronika moduko bat egitea erabaki nuen; ospitaleetan eta ikasle egoitzetan ere proiekzioak antolatzen zituztelako. Zinemaren inguruan idazten dudanean, ikuslearen ikuspuntutik egiten dut beti. Zinema liburuak irakurtzean beti hitz egiten da pelikulen sortzaileen inguruan, baina ez da besaulkietan esertzen den publikoaren inguruan hitz egiten.

Gaur egun ez dago zinema aretorik Iruñeko erdigunean. Non dago besaulkietako publikoa?

Zinemaren inguruan hitz egiten dudanean, aretoetan ikusten den lanaren inguruan ari naiz hizketan. Telesailak ere zinema dira? Kostatzen zait hori esatea. Mugitzen diren irudiekin kontatutako istorioetara iristeko moduak hainbeste aldatu dira, dagoeneko zinema aretoa ez da narrazio mota horietara hurbiltzeko leku bakarra. Zinema aretoetara joan garenok faltan sumatzen ditugu areto horiek.

Nola ikusten duzu aretoen etorkizuna?

Ezin da iragarri. Duela urte batzuk, uste nuen aretoen etorkizuna oso iluna zela, baina ez zituzten itxi areto guztiak. COVID-19aren pandemia oso kaltegarria izan zen, eta Filmotekan ere asko nabaritu genuen. Aurretik aretoa erraz betetzen genuen; hortik aurrera kostatzen zitzaigun besaulkiak betetzea. Ez dakit zinema aretoak iraganeko zerbaiten erakusgarri gisa geratuko ote diren; baliteke zinemara joatea urtean behin egiten den zerbait berezia izatea.

Gehiegizko eskaintza dagoela uste duzu?

Gaur egun etxean ikusteko dagoen eskaintza zinemetakoa baino askoz zabalagoa da. Asko aldatu da ehun urteotan; kontuan hartu behar da zinema oso arte gaztea dela. Aldatuko ez dena da istorio horiek kontatzeko behar den trebetasuna eta talentua.

Nola lortu duzue jendea etortzen jarraitzea?

Gure publikoaren batez besteko adina oso handia da, eta jada jende gutxiago dator. Baina hori ez da aitzakia bat, jende berriak etorri beharko lukeelako. Baina gazteei gehiago kostatzen zaie Filmotekara etortzea; baliteke inguruan hainbeste proposamen interesgarri dituztelako izatea. Zinema jendez inguratuta ikusteko ohitura dutenentzat da Filmoteka; komunitate baten barruan egoten gara denok, proiektoreko argiari begira.

Hamabost urtez Filmotekan lanean aritu ondoren, erretiroa hartu duzu. Nolakoa izan zen zure azken eguna?

Programatutako azken zikloa ostiralean amaitu zen, David Lynchen Blue Velvet filmarekin. Ikusleei esan nien nire desio bakarra izan dela urte hauetan aretoa emozioz betetzea: barrez, negarrez, beldurrez, edozein emozioz. Eta oso polita izan da sentimendu horiek areto batean partekatzea.

Filmotekaren arduradunaren lekukoa Julio Mazaricok hartu du. Aholkurik baduzu harentzat?

Aldaketa eraginkorra izan da. Joan naizenetik ez dit deitu, eta seinale ona da hori! Dena bikain kudeatzen ari da, eta uste dut primeran egingo duela.

Atzera begiratuta, zer aldatuko zenuke?

Hamabost urteotan ez dugu arazo larririk izan, eta ditudan oroitzapenak esker oneko jendearenak dira. Beti geratzen da gauza gehiago egin nahi izanaren sentsazioa: beti egoten dira programazioan leku bat merezi duten zuzendari edo gidoilari gehiago. Baina etorkizunean egongo da hori egingo duen norbait.

Orain besaulki gorrietan eseriko zara, orduan?

Hori da, bai. Publikoarekin batera disfrutatuko dut orain.